miércoles, 26 de noviembre de 2008

Groenlandiak independentziarantz egin duen urratsa goretsi du Eusko Alkartasunak


Mikel Irujo, Eusko Alkartasunako eurodiputatu eta bozemaileak “Groenlandiako biztanle gehienek Autonomia Estatutua zabaltzeko aukerari eman dion babesa” goretsi eta erabakiak “autodeterminazio eskubidea onartu eta independentziarako bidea zabaltzen duela” azpimarratu du.


Eusko Alkartasunako zuzendaritzako kideak Europar Batasuneko kide den Danimarkako izaera demokratikoa eta Espainiako jarrera alderatu ditu: “Lehenak kontsulta naturaltasunez onartzen du, bigarrenak Euskal Herriak independentzia lortzeko duen eskubidea galarazten duen bitartean”.


“Groenlandiako biztanleek egindako kontsultak autodeterminazio eskubidea Europar Batasunaren barruan indarrean dagoela” erakusten duela azpimarratu du Irujok. Horrela, “Danimarkak kontsulta ez loteslea bultzatu du Groenlandian eta bertako biztanleek erabateko subiranotasunaren alde egindako apustua errespetatu du, printzipio demokratikoa bestelako interes, geopolitiko edo ekonomikoen gainetik jarriz”, esan du Eusko Alkartasunako bozemaileak: “Tamalez, Estatutu espainola ez dago oraingoz erabateko demokrazian”.