lunes, 22 de marzo de 2010

Fitxa mugi dezala eskatu dio EAk ETAri

EAk fitxa mugi dezala eskatu dio ETAri, "normalizazio politikoa eta bakea lortzeko bidean ematen ari diren urratsak sendotzen laguntzeko". EAren iritziz, ETAk aurrerapausoa eman behar du, denborarik galdu gabe, eta hitzetatik ekintzetara pasatu behar du, "politikari bidea irekitzeko inolako esku-sartzerik gabe".

ETAren azken agiriari buruz, azken agirietan zehaztutako ildoari eusten diola uste du EAk, baina bere burua eragile politikotzat jotzeko akatsa errepikatzen du. "EAk inoiz ez du ETA eragile politikotzat hartu eta, beraz, ez dugu aintzat hartuko indar politikoekin elkarlanean aritzeko egiten duen eskaintza. ETAk argi eduki behar du, gatazka konpontzen lagundu nahi badu, bere burua deuseztatu behar duela, hori dela egin dezakeen gauza bakarra. Aldaketa politikoa sendotzeko aurrerapausoak emateko prest baldin badago, bere jarduera-eremua bi gairi bakarrik dagokie: presoen egoera eta desarmea".


EAk berretsi du, azkenik, "ETA oztopo nagusia dela mugimendu subiranista anitza eta baketsua egituratu ahal izateko, bai eta Euskal Herriaren eskubideak aitortzeari uko egiten diotenen aitzakiarik onena ere".

No hay comentarios: