jueves, 9 de junio de 2005

Biktimak


Martin Aranburu - Politologoa
http://www.gara.net/idatzia/20050609/art118109.php

PPren inguruko eragile sozial batzuek Madrilen deituriko manifestazioak ondorio asko ahalbidetzen ditu, besteak beste, biktimen erabilera politikoa, biktimen elkarteen funtzioa eta helburua, edota gatazka konpontzeko prozesu teoriko bat eta biktimen rola. Horietako batean zentratu nahi nuke nire artikulua; hain zuzen, gatazka konpontzea ahalbidetuko duen daitekeen prozesu batean biktimek izan beharreko funtzioaz berba egin nahi dut.

Eragile politikoen gehiengoak ontzat jotzen du gatazkaren konponketak bi arlo desberdindu dituela. Desberdinduak, baina zer esanik ez, elkarrekin erlazio handia dutenak: Gobernuaren eta ETAren artean hitz egin beharreko arloak, batetik, eta, bestetik, eragile politiko eta sozialen artean bideratu beharreko prozesu politikoa. Zalantzarik ez bata bestearekin erlazionatuta daudela, baina desberdindu beharreko aspektuak dira. Beraz, mahai horietariko bakoitzak gai desberdinak ditu gidoian, desberdina baita oso ETAren eta Gobernuaren artean hitz egin eta hitzartu beharrekoa eta alderdi eta eragileen artean egin beharreko adostasun politiko demokratikoa. Bigarren aspektu horretan, bake eta normalizazio politiko baterako oinarri demokratiko sendoak ezartzeaz gain, gatazkak izan dituen ondorio guztiak onartu behar dira, zuzenean biktimak izan diren guztiei onarpena eta konpentsazioa hainbat aspektutan.

Memento horretan, normalizazio baterako ezinbestekoa izango den berradiskidetzarako biktimen ahotsa ezinbestekoa izango da. Bizikidetzarako erabilgarria izango den zutabe sendo bat denen artean erabaki ahal izateko, pentsaezina da biktimek ahotsik ez izatea eta haiek entzunak ez izatea. Baina koka dezagun dena bere lekuan, biktimen inguruko adostasuna eragile politiko eta sozialen arteko itun demokratikoan txertatzen baita. Normalizaziorako ezinbestekoa izango den akordio edo itun demokratiko horren baitan, ez beste inon. Lekuz kanpo dago, beraz, edozein biktima elkartek bakea lortzeko martxan jarritako proze- duraz izan dezakeen iritzi politikoa, eta, ondorioz, lekuz kanpo egon zen, nire iritziz, Madrilen izandako manifestazioa. Biktima izateak zoritxarreko funtzioa ematen die elkarte askori, baina bake prozesuaren zutabe asko sendotuak daudenean; ez, aldiz, prozesua martxan jartzeko erabakitako prozeduretan. Bestela esanda, biktimen elkarteek ezin dute ordezkari politikoek izan behar duten funtzioa ordezkatu, bigarrenek haien burua ordezkatu ezin dezaketen neurri berdin-berdinean.

Biktimen kontzeptu globala darabilkit buruan, noski. Alde bateko biktimak eta bestekoak. Zaila izango da oso bake prozesua, hastapenean gotortuenik dauden eragileen arteko adostasunera baldintzatzen baditugu lehendabiziko urratsak. Urratsek politikoak behar dute izan, eragile politikoen artean hitzartuak. Politikoki lortu ezin daitekeen presioa lortzearren biktimen erabilera bestelako debate bat da. Hortaz, hurrengo batean arituko naiz.

No hay comentarios: