domingo, 4 de diciembre de 2005

Eusko Alkartasunaren txostena Euskararen Nazioarteko Eguna dela kausa

EUSKARAREN TXOSTENA

1.Sarrera

Eusko Alkartasuna gure gaur egungo errealitate eta osaera soziolinguistikoaren araberako barne errealitate eta osaera duen alderdi politikoa da; euskara ezagutzen eta erabiltzen duten herritarrez eta aukera hori izan nahi dutenez osatua, lortu nahi duten Euskadi horren eraikuntza nazionala eta gizarte-berrikuntza euskal kultur proiektuarekin eta bere hizkuntzarekin uztartuta daudela badakitenak.

Honekin loturik, alderdi honetako lagun guztiek dute testu honetan proposatzen den euskara berreskuratu, sustatu eta zabaltzeko politika bideratzeko jarrera argi eta sendoa, bai eta euskal kultur proiektuarentzako beharrezko gogoeta eta ekarpena egiteko konpromisoa ere.

2.Diagnostikoa

Euskara Euskal Herriko hizkuntza da. Bai euskaldunona bai eta ez dakitenena ere. Guztiok daukagu hizkuntza ikasi eta nonahi erabiltzeko eskubidea.

Hizkuntzaren biziraupena gure Herriaren kultur ezaugarririk bereziena da. Euskal kultur produkziorik lortu nahi badugu bai eta gure ekarpen politiko, zientifiko, teknologiko eta kulturalak Gizateria osoarentzat interesgarriak izatea ere, euskararen kalitatea hobetu eta hizkuntza moderno eta noranahikoa lortu beharko dugu..

Batetik, Euskal Herriari, bere hizkuntza ezagutu, eta beraz, erabiltzeko aukera lapurtu egin zaio. Gabezia hau, euskalhiztun askok, benetako kultur ezabaketa bezala bizi dute. Argi dago elebitasunaren aberastasunetik errazagoa dela beste edozein hizkuntza ikastea, beste kulturak hobeto ulertzea edota beste herriengana hurbiltzea. Hurbilketa hori, gainera, sentsibilitate eta pentsakera ezberdinengatik betidanik izan dugun begirunez burutuko dugu eta, beraiek, beren ezagutzarekin aberastuko gaituzte.

Bestetik, laburki bada ere, hizkuntzaren garapen urriaren eta erabilera mugatuaren barne arrazoi batzuk ere azaldu nahi ditugu. Izan ere, mendeetan zehar egindako zenbait apologiaz gain, begien bistakoa da XIX. mendearen amaiera arte eta bereziki XX. mendera arte, ez dela sintaxiaren, gramatikaren, lexikografiaren eta terminologiaren azterketa sakon eta sistematikorik egin; ikerketa hauek funtsezkoak dira hizkuntzak egoera eta eremu berrietara egokitzeko eta garatu eta aurrera egiteko. Hizkuntzarik modernoenetako eta zabalduenetako gobernuek dirutzak bideratzen dituzte garapen eta aurrerabide hori lortu ahal izateko. Esan behar dugu, horrez gain, euskaldunok gerok ere mendeetan zehar euskara etxerako, lagunarterako, giro pertsonalerako gorde dugula eta, aitzitik, horietatik kanpo hizkuntza zabalduagoak erabili ditugula, industrian, merkataritzan, politikan, jakintzan edo kulturan arrakasta izateko gure aukerak ia mugarik gabe zabalduko zirelakoan.

Bestalde, ez dugu gutxietsi behar eremu urriko hizkuntzek eremu zabalagoetako eta Europako estatu berriek ofizialtzat eta bakartzat hartutako hizkuntza zabalduagoen azpian jasan duten erasoa. Estatu horiek eremu urriko hizkuntzak administrazioan eta publikoki erabiltzea ere debekatzera iritsi dira, erabilera pribatua eta soziala zailduz gainera. Hizkuntza komunikatzeko bitarteko soila dela pentsatzetik dator akats hori eta ondorioz, hizkuntza horren hegemonizazioak eta hizkuntza bakar baten zabalpenak botere politiko eta komertzial handiagoa ematen duela uste izan delako.

Ez gatoz bat hizkuntzak zeinu-kode ulergarriak direla adierazten duen ikuskerarekin. Aldiz, nahiz eta hitzek eta esaldiek gauzak eta pentsamenduak denotatzeko gaitasuna izan, zeinuez haraindiko esanahia konnotatzen dute, hizkuntza hori hitz egiten duten hiztunek bakarrik uler ditzaketenak. Horrek azaltzen du hizkuntzen aniztasuna, konnotazio horien emaitza baitira; izaera bat daukate, egoera geografikoetara eta ingurumenera egokitzen dira, bai eta egoera sozio-ekonomikoetara ere, kultur aberastasuna eta komunikatzeko ahalmena ematen dute. Hizkuntzen baliabideen, esamoldeen eta adierazpideen aberastasunak, altxor semantiko eta terminologikoak, eta dauzkaten erregistro anitzek esanahi objektual soiletatik haraindi doazen erreferenteak dituzte.

Gure hizkuntzak daukan eduki konnotatibo eta erreferentzial horrengatik eta herri gisa bereizten gaituen ezaugarria delako esaten dugu, beraz, euskarak egiten gaituela euskaldun eta euskaldunon komunikazio eta adierazpide naturalerako tresna dela euskara, bai eta sustrai historiko sakonak dituen kultur batasunaren sinboloa ere.

Berriz ere adierazi beharra dugu, lehen azaldutako arrazoiengatik, lehen aipatu dugun euskararen lurralde naturalean bizi diren herritar askok ez dutela euskara gurasoengandik jasotzeko aukerarik izan, ez eta ikasteko eta erabiltzeko aukerarik ere. Egoera hau iragankorra dela iruditzen zaigu hizkuntzaren berreskurapenari dagokionez. Egoera horretan, eta herritar askok ezagutzen ez duten arren, normalizazio prozesuarekin bat datoz eta haren aldekoak dira, hau da, euskalduntzat dute euren burua, euskaldun izatea ez baita jatorriaren edo familiaren araberakoa, kultur izate bat baita, tresnatzat euskara duena eta proiektu politikoen gainetik, eta batzuetan proiektu horiek aurkako dituen arren bizirik dirauena. Euskararen desagerpenak edo erabilera urriak, kultura horren desagerpena lekarke eta, ondorioz, euskal herri gisa gainerako herrietatik ezin bereizi ahal izatea.
Euskararen berreskurapenaren eta bere normalizazioaren erronka nagusia zera da: hizkuntz eta gizarte-zurruntasuna dela eta oso presentzia urria duen edo presentziarik ez duen eremu guztietara zabaltzea da. Helburu berri hauek, alde batetik, hizkuntzaren erabilera lehen azaldutako arrazoiengatik baztertu den jarduerei dagozkie, hala nola, industriari, merkataritzari edo ikerketari. Bestalde, gure gizartean globalizazioarekin, komunikazioarekin eta teknologia berriekin uztarturik dauden eremu eta ikuspegi berriak ireki dira, eta eremu horietan egotea lortu behar dugu premiazko neurriak hartuz, hemendik gutxira, berriz ere menpekotasun egoeretan edo bazterturik egon ez gaitezen.

Egia da jardun eremu berri hauek maiz ikuspegi ekonomizistekin topo egiten dutela, errentagarritasuna besterik kontuan hartzen ez duten ikuspegiekin, alegia. Gure ustez ordea, aurrez azaldu ditugun planteamenduek eta arrazoiek gure ikuspegia eta errentagarritasun-bilaketa aldatzea justifikatzen dute, ikuspegi ekonomikoa utzi eta gizarte eta kultur ikuspegirantz bideratuz. Horregatik planteatzen dugu botere publikoek esku hartzea honelako inbertsio-mota oro bultzatzeko eta laguntzeko unean, adibidez, I + G (Ikerketa + Garapena) sendotu nahi duten programen bidez, ziur baikaude, etorkizunerako oinarri izan daitezkeen azpiegiturak, kalitate eta berrikuntza helburu argiekin bultzatuz gero, emankorrak eta errentagarriak izango direla, gaur egun ez bada ere, bai behintzat datozen belaunaldientzat.

2.1 Nafarroaren kasua

Nafarroako gobernuak euskararen aurkako politika bat aplikatzen du gaur egun, zehazki, 2000. urtean onarturiko dekretuaren bidez, Administrazio Puiblikoetan euskararen erabilera arautu nahi zuena. Nafarroako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen arren, praktikotasunean bere aplikapenak jarraitu egin du, eta Nafarroako bizitza publikotik desagertze geldo baina konstante bat suposatu du, esaterako, Dekretu horretan aurreikusten zena gaindituz eta euskara koofizialtza deneko eremuetan euskararen ezabatze fisikoari ekinez. Nafarroako agintari politiko batzuek euskararen aurka eginiko erasoen adibideak ugariak dira:

1.· 2001eko otsailan Eremu baskofonoan aplikatu beharreko Plana Nafarroako auzitegi Gorenak bertan behera uzten du, eskubide mugatzailea izateagatik.

2. Gobernuko Osasun sailak Nafarroako biztanleei igortzen dien informazioa elebakarra da lurralde osoan, Nafarroako legedia berak egiten duen zonalde banaketa errespetatu gabe.

3. Gobernuko Garraio sailak errotulazioak gaztelanian soilik jartzen ditu, eremu batzuetan euskarazko toponimia ere aldatuz.

4. Gobernuko Lehendakaritza sailetik informazioa ez da euskaraz bidaltzen, are eta gehiago, nafar hiritarrengana jo izan du berari aurkeztutako dokumentoak gazteleraz izan zitezen esijituz.

5. Herri administrazioko sailak 012 informazio telefonoa gaztelera utsean jarri du martxan, nahiz eta hiritarrak laguntzeko zerbitzua izateko asmoa izan.

6. Nafarroako Estatistika Institutoak datu bilketa gaztelera hutsean egiten du nahiz eta kontsultatua den hiritarra euskal zonaldean bizi.

7. Nafarroako Unibertsitate Publikoak informazioa ez du euskaraz zabaltzen eta horretaz gain euskaraz ikasteko eskubidea ez du bermatzen. Aipatu beharrekoa da aspektu honetan, hainbat ikasleek egindako protestaldiak jaso zuten eraso bortitz eta proportzio kanpokoa.

Ezin da Iruñeako udaletxea ahaztu, zeini Nafarroako administrazio Epaitegiak bere udal-agindu propioak betetzera behartu zuen, euskal hiztunen eskubideak errespetatuak izan zitezen.

2.2 Europako Kontseiluaren Adituen Kontseiluaren txostena

EA-ren ustez, elementu garrantzitsua da Europako Kontseiluaren adituek egin duten txostena, nahiz eta Euskal Herriko zati baten azterketa kanpoan utzi den. Ondorio nagusi bi atera daitezke txosten horretatik: alde batetik, onartutako esparru juridikoaren eta gero praktikan egiten denaren artean tarte handia dago eta bestetik, Nafarroako Gobernuaren euskararen aurkako politika berretsi egiten da.

Txostenak dituen 177 orrialdeetatik 40 Nafarroari dagozkio, eta oso aipu argiak egiten ditu hizkuntz eremuen banaketa eta komunikabideen egoeraz, besteak beste inguru euskaldunean dagoen babesa inguru mistoan ere ezartzea; eta komunikabideetan euskara bultzatzea.
Txostenean aitortu eta txalotu egin dute euskararen erabilerak azken hamarkadetan egin duen aurrerakuntza, eta txostenean espresuki aitortu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskararen mesedetan izan den aurrerakada.

Gogoratu egin behar dugu, Espainiako Gobernuak ituna sinatzerakoan 57 konpromiso hartu bazituen ere, Espainiako Gobernuak hartutako konpromisoetatik herena baino ez dira bete euskarari dagokionez eta batzordeak eman dituen sei gomendioetatik hiru zuzenean lotzen zaizkio euskarari.

- EAE-n Lanbide Hezkuntzaren euskalduntzea.

- Nafarroan, Haur eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza euskalduntzea.

- Nafarroan ere, justiziaren eremuan esparru juridikoaren aldaketa eskatu dute adituek, herritarren hizkuntz eskubideak ez direlako bermatzen.

- EAEko osasun sistema euskalduntzeko neurriak ez dira nahikoak.

3. EAren planteamenduak: HIZKUNTZ POLITIKA

Euskara euskaldun guztien hizkuntza gisa berreskuratzeko neurrien multzoa, bai eta eremu guztietan normaltasunez eta egunero erabiliz noranahiko bihurtzea da hizkuntz politika gisa proposatzen duguna.

Jarduketa politiko horren beharra gure hizkuntzaren egoerak berak justifikatzen du, aurrez jadanik adierazi dugunez. Horrez gain esan beharra dago halaber, hizkuntz politikaren ezarpena euskararen normalkuntzarako giltzarri bihurtu dela. Ildo berean, hainbat mailatako erakunde publikoak, bai eta elkarte eta erakunde publiko eta pribatuek, euren hizkuntz politikak diseinatu beharko lituzkete, euren beharraren, egoeraren eta erabileraren arabera, hainbat hizkuntzaren presentzia mesederakoa izan beharrean oztopo izan ez dadin. Honekin lotuta esan beharra dago, halaber, hizkuntz politika ahozko edo idatzizko itzulpenaz haraindi doala, nahiz eta itzulpena hizkuntz politikaren osagaietako bat izan.

Badakigu hizkuntza politikak zer suposa dezakeen eta zein onura ekar ditzakeen. Baina zoritxarrez, hizkuntza politika hori ez dago administrazio osoan eta maila guztietan zehaztua edo ez da aplikatzen. Beraz, honetxek kezkatzen gaitu: Euskal Herriko herri aginteek beren hizkuntza politikak zehaztu eta aplikatzea. Eta honek berebiziko garrantzia izan dezake herrialderik erdaldunenetan, zeinetan tamalez, berreuskalduntze prozesua hezkuntza sistemaren esku soiletan uzten baita. Herri horietan, ezinbesteko eta premiazkoa da, udalak azterketa soziolinguistikoak egin, hizkuntza politika diseinatu eta neurri zehatzak martxan jartzea giza arlo guztietan: aisialdian, kiroletan, kultur jardueetan, lan munduan, merkataritzan eta abarretan.

Hizkuntz politikak bi gauza erraztu behar ditu; alde batetik, euskararen erabilera egokia, eta bestetik beste hizkuntzekin duen harremana (koofizialak izan, nahiz ez izan), eta bere eremuaren luze-zabala funtsezko parametro bat da oinarria: euskararen estatusa. Zentzu horretan, hizkuntzaren erabilera gizarte eremu guztietara zabaltzea da helburu nagusia. Helburu horren alde jokatu eta jokatzen dutenen papera kontutan hartuta, herrietako euskara elkarteei babesa ematearen alde jardungo du EAk.

3.1. .Euskararen estatus ofiziala.
Gaur egungo lege-esparruak, euskararen eta gaztelaniaren koofizialtasuna aitortzen du Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoaren zati batean. Honek zera esan nahi du: hasteko, herritar orok administrazioarekiko harremanak bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan izan ditzakeela eta erakunde publikoek behar diren neurriak hartu behar dituztela herritar oro administrazioak berak hautatu duen hizkuntzan har dezan eskubideaz baliatu ahal izan dadin benetan. Exijentzia honek giza baliabideak bikoiztera ez behartzea litzateke onena, ez eta prozedura administratiboak bikoiztera ere, funtzionario eta arduradun publikoek bi hizkuntzak ezagutzera baizik, baldintza horrek bakarrik saihestuko bailuke lan administratibo eta politikoa eragoztea eta trabatzea. Baina, jakin badakigu, gure egoera ez dela hutsetik abiatzen eta, beraz, exijentzia hau mailaka planteatu behar dugu.
Euskararen ofizialtasuna aitortzen ez den Euskal Herriko herrialdeetan, gure erronkarik handiena estatus hori lortzea da, eta funtsezkoa lorpena dela iruditzen zaigu administrazioak gure jarduerarik gehienetan presentzia handia duen une honetan; jarduera profesionalak, hezkuntzazkoak eta prestakuntzazkoak, jolas, kirol edo kultur jardueratan bezalaxe. Iparraldeari dagokionez, Frantziako Estatuak Hizkuntza Minorizatuen Europako Gutuna sinatzea lortu behar da, euskararen biziraupen eta erabilpenerako gutun horretan aurreikusitako baldintza hoberenei jarraituta sinatzea, gainera. Espainiako Gobernuak 1992ko azaroaren 5ean sinatu zuen eta 2001eko apirilaren 9an berretsi. 2001eko abuztuan jarri zen indarrean, nahiz eta, lehen adierazi bezala, sinadura horren bidez hartutako berrogeita hamar konpromezuetatik hogeita zazpi baino bete ez dituen.

Euskararen kasuan gertatzen den moduan, herri baten eremu nagusian egoera diglosikoan bizi den hizkuntza minorizatu baten biziraupenerako, guztiz garrantzitsua da lan, administrazio eta gizarte harremanetarako komunikabide nagusia hizkuntza nazionala den gune eta inguru jakin batzuk izatea; beraz, biztanleria nagusiki euskalduna den eremuetan hizkuntza politika zehatz bat garatu beharra dago. Honen inguruan, Eusko Alkartasunak, U.E.M.A.-k egindako lana bultzatzeko konpromisoa hartzen du, bai eta lan hori Mankomunitate horretan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten udalerri guztietara zabaltzeko konpromisoa ere.

3.2..Hizkuntz politika eta botere publikoak.

Argi dago botere publikoak direla edozein hizkuntz politikaren ezarpenaren edo politikarik ezaren ardura dutenak. Gainera, lan horrekiko elkartasuna azaldu nahi duten sektore pribatuentzako eragile eta eredu bilakatzen dira.

Euskararen normalizazioak urrats handiak eman ditu, hori ezin liteke ukatu. Baina azkartu egin behar dira, gure egoera ez da lasai egotekoa eta; badakigu erraza dela demagogian eta erretorika hutsetan murgiltzea, baina gizarte guztiak egin behar du bat, guztiona eta guztiontzat den ondasun hau galdu ez dezagun.

Hizkuntz politika sendoa bideratu duten gobernu, lurralde eta udalerriek izugarrizko aldea atera diete politikarik abiarazi ez dutenei edo politika hori gaizki ulertu dutenei. Zenbat eta plan xehekatuagoa eta hizkuntz politika sendoagoa eduki, orduan eta azkarrago indarberrituko da gure hizkuntza, bai hiztun-kopuruari dagokionez, bai eta hartuko duen sendotasunagatik ere.
Hizkuntz politikak helburu zehatzak, mailakatuak eta aldizkakotuak eskatzen ditu. Lor eta gaindi daitezkeen helburuak eduki behar ditu, hain zuzen ere horiek betetzerakoan helburu berriak jarri ahal izateko, baina alde batera utziz neurriz kanpoko edo ezinezko helburuak. Administrazio-arloaren eremu guztietara zabaldu behar da, bai eta administrazioak kontratugile, sustatzaile edo dirulaguntza emaile gisa presentzia duen leku guztietara ere.

Honekin lotuta, azken urteotako agiririk xehekatuena eta zehatzena “Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia” da, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailordetzak Euskararen Aholku Batzordearekin batera idatzia, non, administrazioez gain Euskal Herri osoko erakunde eta elkarteak biltzen baitira. Plan hau Gobernu Batzordeak erabaki zuen 1998ko uztailaren 28an, baina lurralde guztietako administrazio guztientzat erreferentzia gisa balio behar du, eta, hartara, administrazio guztiek mailaz maila beharrezko neurriak hartu beharko dituzte, plana aplikatzeko behar diren baliabide guztiak ahalbidetuz, nahiz eta bakoitzak bere egoerara egokitu behar izango duen. Eta ez bakarrik administrazioak, izan ere maila eta eremu ezberdinetako entitate eta elkarteek ere sektore pribatuarentzat eredu argia baitute agiri honetan. Kontuan hartu behar dugu sektore pribatuaren parte hartzea, askotan, erabakigarria eta bakarra izan daitekeela euskarak hizkuntza ofizialaren estatusa ez duen lekuetan.

Eusko Jaurlaritzak “Euskara Biziberritzeko Plana” onartu du eta, beraz, badugu adostasun politiko bat. Orain egin behar dena, plan hori garatu eta praktikan jartzea da administrazioaren atal guztietan. Baina Euskal Herri osoa eta gizartearen sektore guztiak hartuko dituen plan estrategiko bat ere beharrezkoa dugu. Denok hartu behar dugu parte Euskal Herria berriro Euskararen Herri bihurtu dadin. Lan honetan, ezin ditugu ahaztu Euskararen Giza Erakundeen Kontseiluak eta Iparraldeko Euskal Kulturaren Erakundeak eskain dezaketen lankidetza eta osagarritasuna.

Bestelako tresnak ere badira. Euskararen bizi-iraupena eta hedatzea ezinbesteko ipar-orratza dira guretzat, eta beraz, beronen indartze eta sustatzerako baliagarri izan daitezkeen tresna eta esfortzu baliagarri desberdinen esistentzia onartzen dugu: euskal erakunde desberdinen lana, eragile sozialena, herritarrena eta abarrena. Guztion lana da eta izango da beharrezkoa euskararen egoera normalizatu bat lortu ahal izateko, hots, euskaraz bizitzea posible iznago deneko gizarte normalizatu eta euskaldundu bat lortzea. Epe luzeko helburua honakoa da: euskaraz mintzatzeko aukera gure bizitzako hesparru guztietara hedatzea: osasuna, hezkuntza, lan-arloa, ekinbide kulturalak, hedabideak, justizia, garraioak, aisialdia e.a. arlo guzti horietan egin behar dugu lan amankomuna eta koordinatua eragile politiko eta sozialak. Hor kokatzen dugu guk Kontseiluak bultzaturiko Akordio sozio-politikoa: eragile desberdinen lanerako koordinazio tresna eskeiniz eta baita akuilu funtzioa betez ere.

3.3. Hizkuntz politika egokirako baliabide-plana.

Edozein politika sektorialek ahal bezainbat baliabide behar ditu arrakasta lortu ahal izateko. Are gehiago, euskararen erabilerarekin gertatzen den bezala, plan orokorra eta estrategikoa baldin bada.

Baliabide hauek hiru arlo handitan laburbilduko genituzke:

Lege-baliabideak: azken 20 urteotan euskararen koofizialtasuna eta erabilera orokortua arautzeko oinarrizko lege-baliabideak sortu ditugu, lehen aipatu bezala, Iparraldearen eta Nafarroako Foru Erkidegoan euskarak maila ofiziala ez duen eremuen salbuespenarekin. Hala eta guztiz ere, lege-sarea gaur egungo errealitatera egokitzea, bai eta sektore eta administrazio guztietara zabaldu beharra dela eta, lege-baliabide horiek dinamikoki ikusten ditugu.

Langileak: euskararen erabilera eta sustapenerako planak ezartzeko dagoen langile-beharrizana ez da itzultzaileetara mugatzen. Horrela, lantokian bertan hizkuntz trebatzailea edukitzeak funtzionario publikoari bere eguneroko lanerako lasaitasuna eta segurtasuna emango lizkioke, bere hizkuntz ezagutza orokorra administrazio-prozesuari egokituz. Gainera, kontuan hartzen badugu hizkuntz normalkuntzak administrazio osoa inplikatzen duela, gero eta beharrezkoagoa da sail horietako bakoitza hizkuntz zerbitzuez hornitzea.

Aurrekontu-baliabideak: plan orokorra gauzatzea eta hizkuntza politika sendoa bi jarduketa-eremuetan ezartzeak aurrekontu publikoen hornidura nahikoa eskatzen du. Honekin lotuta, hainbat azterketa egin eta datuak parekatu ondoren, badirudi politika horrek arrakasta lortzeko moduko kopuru egokia aurrekontu publiko arruntaren %2ra hurbildu behar duela, kontzeptu guztiak kontuan hartuz: euskalduntzea eta langile publikoen gaikuntza, langile horien prestakuntza-planak, administrazio prozesu osoaren normalizazioa, itzulpena eta euskara gizartean erabiltzeko sustapen planak.

3.4. Politika sektoriala.

Euskararen erabilerarako aukerak gaur egun gure lan, gizarte, kultur edo hezkuntza jardueraren arlo askotara daude irekita, zaila litzateke horregatik eremu guztietarako ekintza positiboetako bakoitza azaltzea, “Euskara Biziberritzeko Plana” aipatu ondoren, non ekintza horiek adierazten baitira.

Hala eta guztiz ere, ekintza sektoriala zuzendu beharko luketen oinarrizko ideiak laburbildu ditzakegu:
Euskal herritar guztiek dute euskara ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea, euren hizkuntza propioa baita.
Hezkuntza-prozesuak euskararen ezaguera ziurtatu behar du, beste hizkuntzen ezagutza arian-arian sartuz, herritar euskaldun eta eleaniztunak hezi ahal izateko.

Helduen euskalduntze eta alfabetatzeak euskararen normalkuntzarako funtsezko ahalegina izaten jarraitzen du. Eskaintza eta eskaera indartzea, bai eta irakaskuntzaren kalitatea eta metodoak ere, funtsezkoak dira euskara berreskuratzeko. Horrexegatik, eskubidea delako eta aukera berdintasunaren alde jokatzen dugulako aldarrikatzen dugu, umetatik ikasi ezin izan duten helduentzako euskara ikastea doanik izatea dela hizkuntza politikaren ildoa. Gure hizkuntzaren ezagutzaren ondare giza-banaketa honek, ikasten dutenei ezezik, erabilera zabalagoa lortuko duten euskaldunei eta, baita, etxea-eskola kontraesan murritzagoa jasango duten belaunaldi euskaldunduei ekarriko die onura

Produkzio-prozesuetan hizkuntz irizpideak sartzea prozesu horien kalitate elementu gisa hartu behar da. Irizpide horien ezarpenak itzulpen soila gainditzen du.

Hedabideen gaur egungo egoeran ia mugarik gabeko aukerak ematen ditu hizkuntzen eta hizkuntza horien kulturen ezagutza eta hedapenerako. Bitarteko hauen aldeko apustuak euskal hiztunen beharrak asetzeaz haraindi iritsi behar du.

Industrian eta merkataritzan.
Gaur egun, enpresa eta denda garrantzitsu mordo batek beren prestakuntza- eta produkzio-prozesuetan euskara ezarri dute (beste hizkuntza batzuekin batera) kalitate-elementu gisa. Izan ere, kalitate-berezitasun hau erabiltzaileek eta kontsumitzaileek eskatutako gauza bat da, gero eta sentiberagoak baitira beren produktuekiko, bai eta langileek eskatutakoa ere, euren eskakizunak erantzunda ikusten baitituzte eta ondorioz, laneko harremanak eta kudeaketan eta produkzioan duten inplikazioa nabarmen hobetzen direla ikusten baitute, eta hori funtsezkoa da enpresetan edozein kalitate-prozesu ezartzeko garaian.
Hala erabiltzaileen eta kontsumitzaileen sentsibilizazioa, nola enpresa eta merkataritza osoaren sentsibilizazioa ere, bultzatzen jarraitu beharra dago, euskararen normalkuntzarako planak kalitate-eragile gisa har daitezen eta ez ondasun eta zerbitzuentzako oztopo garesti gisa, harik eta, euskara merkataritza, industria, lan eta gizarte harremanetan ohiko erabilpena duen hizkuntza izan arte.

Hedabideak
Hainbat erakundek egindako azterlan eta inkestek azaldu dutenez, euskaldunok idatzizko prentsa eta beste ikus-entzunezko bitartekoak erruz kontsumitzen ditugu. Esan beharra dago halaber, kontsumo hau urteetan zehar hartu ditugun ohituren araberakoa dela eta ohitura horiek ez dutela zerikusirik gure euskararen ezagupenarekin edo gure ustezko gehiengoaren ideologiarekin. Argiago esateko, euskaldunok irakurtzen, entzuten edo ikusten dugunak, ez du maiz zerikusirik gure proiektu politikoarekin eta, gainera, gehienetan, hedabide horiek ez dute euskarari folklore mailaz gaindiko leku jasoagorik emateko asmo handirik. Hala eta guztiz ere, ale mordoa saltzen dute edo oso entzuleria leiala dute. Zergatik gertatzen da fenomeno hau? Gure ustez, sustapenik eza eta gehiengo bat erakartzeko gai ez izateagatik.
Azken urteotan, udalerri eta eskualde askotan gauzatu dira bertako prentsa-proiektuak, hala idatzizkoak nola ikus-entzunezkoak ere. Hedabide-proiektu berriak proiektu hauek proiektu orokorrarentzako lagungarritzat hartu beharko lituzke, funtzionatzeko modu osagarria ezarriz, ahietaz baliatuz lekuko informazioa eskaintzeko, gure artean arrakasta lortu duten beste hedabide batzuen gakoa horixe baita. Gainera, lekuan lekuko hedabide hauek, harrobi gisakoak dira euskal prentsaren irakurle berriak sortzeko (edota, kasu, entzuleak edo ikusleak), bai eta kazetari, idazle eta esatariak prestatzeko ere (zenbaitek ospe handia lortu duelarik).

Gaur inoiz baino gehiago, informazioaren zerbitzura dauden teknologiak abiadura bizian garatzen ari direnean eta erabiltzaileak inoiz baino gehiago eskatzen duenean, euskarazko prentsa, irratia eta telebista garatu behar dira, beste ereduen kopia izan gabe, eredu horiei aurrea hartuko diena eta kalitatezko bertako produktuak eskain ditzakeena. Gure ustez proiektu hori osatzeko bitarteko guztiak dauzkagu, ideologia alde batera utzirik, merkatuak eskatzen duena ematen badugu. Egia da hizkuntza zabalduagoetako beste eremu batzuetan kontsumitzailea gehiago edo gutxiago identifika daitekeela jasotzen duen hedabidearekin, aukera zabala baitu. Hala eta guztiz ere, dibertsifikazio hori ezinezkoa da euskal hedabideetan merkatuaren mugengatik, bai eta gure hedabideen independentzia eta aniztasuna delako prentsa-kalitatearen eta informazioaren faktore nagusia.
Eguneroko prentsaz gain, garrantzitsua da prentsa espezializatuaren panorama osatzeko eta garatzeko plan bat diseinatzea.

Ikus-entzunezkoak
Telebistari buruzko zenbait gogoeta azaldu baditugu ere, ikus-entzunezkoak iraultza eta berriztapen teknologiko berrien atarian daudela uste dugu, hauetako batzuk jada eguneroko bihurtzen ari zaizkigunak.

Ez dugu ahaztu behar, telebista bezalako hedabide garrantzitsu batek eskain dezakeen programazioaz edo informazioa garrantzitsua bada ere, informazio hori transmititu ahal izateko modu berriez baliatzeko aukera lortzea ere funtsezkoa dela.

Satelite eta kable bidezko telebistaz ari gara bereziki, gaur egun telebista bitarteko elkarreragile edo interaktibo gisakoa bihurtzen ari da, beste zerbitzu asko eskaintzeko gai dena. Bitarteko berri hauetan euskara soileko kateen presentzia funtsezkoa da ikusleak zerbitzu osatu hau bere hizkuntzan jaso ahal izan dezan. Arlo honetan, garrantzi berezia dute EAE-n sortuko diren tokiko telebista kate berriak, non euskararen presentziak lehentasun bat izan behar duen. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak hartu dituen erabakiak oso positibotzat jotzen ditugu.

Ez bakarrik telebista. Bideogintzak edo zinemagintzak, antzerkigintzak eta beste hainbat ikuskizun motak, behar bezalako laguntza jaso behar dute geure hizkuntzan egindako geure ekoizpena, kalitate eta kopuru egokikoa izan dadin, euskaldunak erakartzeaz gain, jendeak euskalduntzea kultur eskaintza horietan parte hartzeko aukera bezala ikus dezan. Horrez gain, ez zaio zertan uko egin itzulpenaren aukerari, ez bakarrik euskararako itzulpenari, geuk sortutakoak beste hizkuntzetara ere itzuli behar dira (azkenaldian ikusi ahal izan dugunez handia da zenbait euskal ekoizpenen kultur kalitatea, euskaraz sortu eta gaztelaniara, frantsesera, ingelesera eta abarrera itzuli dira; horrek zalantzarik gabe asko erakartzen ditu gure errealitaterantz eta gure kulturarantz, gure kulturaren irudi berri eta ona indartzen duelarik).

Ikus-entzunezko ekoizpenak, beharrezko enpresa-laguntzez gain, azpiegitura egokia eduki behar du, hainbat eskolez osatua: musika, antzerkia, dantza, interpretazioa, dokumentazio- eta informazio-guneak, ediziorako eta ekoizpenerako euskarriak, bai eta errepresentaziorako zirkuitu on bat ere.
Ikuskera honen azpian, ikus-entzunezko mundua, literatur mundua (hala ahozkoa nola idatzizkoa) eta ondarearena dira proposatzen dugun Euskal Kulturaren Institutuaren jarduketa-ardatz nagusiak. Datozen garaietarako teknologia berrietan dago bai, etorkizuna, eta horiek garatzeak, munduan zehar ibiltzeko aukera eta hegoak emango dizkio gure hizkuntza eta gure kulturari. Beraz, beharrezkoa da ikerketa lana diruz laguntzea, baina laguntza berbera behar dute euskara adierazpide dituzten literatura, kirol mundu, antzerkia, prentsa, aldizkari, musika eta beste abar luzek. Euskal Kulturaren Institutuak lagundu beharko lituzke, bai sormen ikerketa, dokumentazio, heziketa eta sustapen artistikoak eta baita, euskal kulturaren hedapena eta gainontzeko kulturekiko harremanak ere.

Multimedia mundua
Belaunaldi berriak oso ondo egokitu dira hezkuntzaren eta kulturaren lagungarri gisa edo jostagarri soil gisa eskaintzen zaizkigun hainbat produktu multimediaren eskaintzara. Premiazkoa da batez ere euskaraz eskolatutako belaunaldi berriek kopuruz eta kalitatez egokia izango den eskaintza erakargarria edukitzea, nahiz eta ameskeria dirudien hiztegi bateraturik ezean edo euskararen eta euskarazko entziklopedia zabal bat izan gabe entziklopedia birtuala edo informatikoki erabiltzeko mota guztietako CDak egitea. Baina hala ere, gure ustez bi lan handi horiek batera eta oraintxe egin behar lirateke.

Urruneko gauza iruditzen bazaigu ere, gazteenak jada mota guztietako produktu multimediak irensten hasiak dira. Arlo honetan eskaintza nahikoa eskaini ahal izateko begien bistakoa da laguntzak eman beharko zaiela ondasun eta produktu multimediak sortzen eta haien hedapenean diharduten enpresei, egiten dituzten inbertsioetan, prestakuntzan eta sendotzeko ahaleginean bultzatuz.
Ez dago zalantzarik nahiz eta transmisio-prozesuak gurasoengandik seme-alabenganakoak izaten diren arren, euskarri berri hauei dagokienez gazteenak direla gurasoak egunean jartzen dituztenak.

Internet
Hedabide honen presentzia, erabiltzaile partikularraren mailako ezarpenari dagokionez, urri samarra bada ere, belaunaldi berriek baliabide hau arazorik gabe erabiltzeko aukera izango dute. Denbora gutxi barru, sarea ikastetxe eta etxe gehienetan sartuko den bitartekoa izango da.

Ez gara hemen INTERNETen erabileraren komenigarritasunaz, gure eguneroko bizitzan hartu duen lekuaz, edo INTERNETek bestelako komunikabideetako euskarriak ordezkatuko ote dituen eztabaidatzen hasiko. Bistakoa dena zera da, aldi edo fase iragankor batean gauden arren, bere presentzia gero eta zabalagoa dela eta bere erabilera gero eta arruntagoa bihurtu dela. Baina hizkuntza gehienek sarean tarte bat aurkitzeko egin behar dituzten ahaleginak (ingelesak izan ezik), hemendik denbora gutxira hizkuntza horien biziraupena baldintzatuko du eta, okerrenera jota, hizkuntza gisa jarraitu ahal izateko aukera.

Badira euskarazko orrialdeak Interneten, kalitatea oinarri dutenak, hala WEBaren itxurari eta informazio-edukiei dagokienez, nola orrialde horiek eskaintzen dituzten aukerei dagokienez ere.

Nabarmendu beharra dago gakoa ez dagoela webguneak sustatzen dituzten erakundeei buruzko informazioa eskaintzean, dokumentazio-plataforma gisa balio izateko gaitasunean baizik. Erabiltzaileak sarean bilatzen duena gai desberdinei buruzko dokumentazioa da (horien artean euskara edo Euskal Herriari buruzkoa) eta webguneek euskarri egokiak behar dituzte dokumentazio hori eskuragarria eta erabilerraza izan dadin.

Adierazi beharra dago, halaber, aipatzen ditugun proiektuek jatorrizko dokumentazioa euskaraz eskaintzen dutela, eta horrekin sarean gure hizkuntzan kalitatezko apustuak egin daitezkeela frogatzeaz gain horrelako apustuak benetan baliagarriak direla ere azaltzen digute (zenbakiek adierazten dutenaren arabera). Hala eta guztiz ere, esperientziak esaten digunaren arabera, euskarri gisako zerbitzu hauek eskaintzen dituzten enpresak edo taldeak, erdaldunak dira gehienetan, eta ondorioz egokitzapenak ezinezkoak ez badira, oso zailak gertatzen dira, euskararen eta frantsesaren eta gaztelaniaren hizkuntz egituraren arteko aldea dela eta.

Azpiegitura hauek (botere publikoen babespean garatzen jarraitu beharko dutenak) jatorriz euskaraz sortutako eskaintzak eta, bereziki, gazteenentzako erakargarriak diren produktuen eskaintza dira etorkizun hurbilean euskal herritarrei etorkizuneko hedabideen arloan garrantzitsuena izango den inguruan lan egiteko aukera emango dietenak.

3.5. Euskara herrikoiari eta euskalkiei zor zaien begirunea

Euskaltzaindiak euskara batuaren arau nagusiak plazaratu zituenetik urte asko igaro dira. Azken hiru hamarkada hauetan, hizkuntza estandarraren garapen eta hedapena itzelezkoa izan da, neurri handi batean hezkuntza sistema eta komunikabideen eraginari ezker.

Batuaren bitartez, euskaldunok dialektalizazioaren arazoak gainditu eta edozein naziorentzat hain garrantzitsua den hizkuntza eredu komun bat sortu ahal izan dugu. Gaur egun, beraz, batua versus euskalkiak delakoa antzinako borrokatzat har dezakegu, kontrajarkeria hori, zorionez, gaindituta dagoelako. Inor gutxik ipintzen du zalantzan euskara estandarra guztiz beharrezkoa eta onuragarria suertatu dela euskararen jarraipen eta garapenerako.

Hori guztia egia biribila izanik ere, euskalki eta euskara herrikoiei ez dizkiegu ateak itxi behar, bertan datzalako gure herriaren ondare kultural historiko nagusienetako bat eta, gainera, batua bera aberasteko iturri agortezina baitugu herriko euskara.

Euskaltzainak, euskara batuan, aditza, deklinabidea edota ortografia bateratzeko irizpideak eta arauak emateko gai izan dira, hainbat kasutan forma jator asko baztertu behar izan dituztelarik. Baina fonetika, lexikoa edo azentuazioaren arloetan, esaterako, ezinezkoa dirudi dena bateratzea, hainbat eta hainbat forma eta sistema ezberdin daudelako Euskalerrian. Eta, seguruenik, askozaz ere interesgarriagoa da aipatu ditugun arloetan dagoen ez-bateratze egoera hori, aniztasunak aberastasuna dakarrelako .

Euskalkiek badute, beraz, paper garrantzitsu eta polita gure hizkuntza nazionalaren garapenean. Alde batetik, euskalkiak batuaren aipatutako hutsuneak betetzeko lagungarriak dira, euskara estandar horri batzuetan falta zaion naturaltasuna ematen diotelarik. Bestetik, batuak markatzen dituen arauak baliagarriak izan dira euskalki literario estandarrak sortzeko, hau da, bizkaiera, lapurtera eta gainerako euskalkietan eredu estandarrak sortzeko.

Euskalkiei buruz defenditzen dugun begirunea argiago uler daiteke kontuan hartzen badugu hizkuntza fenomeno kolektiboa dela, eta hiztun euskalduna kolektibo batetan murgilduta dagoela. Alde horretatik, ezin dugu ahaztu euskal belaunaldi zaharrenak (bai eta hain zaharrak ez direnak ere) euskaraz alfabetatugabekoak direla gehienbat.

Milaka euskaldunek ez zuten euskaraz irakurtzen edo idazten ikasteko aukerarik izan, ezta hizkuntza estandarra ikasteko ere. Familia askotan, belaunaldi gazteen eta zaharrenaren artean alde edo distantzia linguistiko handia dago -erdiko belaunaldia euskalduna ez denean eta, ondorioz, etxean giro erdalduna nagusitzen bada, behintzat- eta elkar ulertzeko arazoak sortzen dira, erderaz jarduteko joera sortuz. Fenomeno hau ohizkoa da, adibidez, mendebaleko euskalkiaren eragineko hainbat herritan, aitite-amama eta iloben artean, hain zuzen ere.

Honek, hezkuntza sisteman edo komunikabideetan nahiz administrazio zerbitzuekiko ahozko harremanetan eragina baldin badu ere, euskararen erabilera kalera, lagunartera eraman dezake, ahozko komunikaziorako gai den hizkuntza erraz eta malgua lortzen badugu ahozko komunikaziorako. Euskalduntze prozesuak, gainera, euskaldun diren herrietan, euskalkitik euskara batura eta herrialderik erdaldunenetan, euskara batutik euskalkira eramango luketen zubiak eraiki behar dira belaunaldien arteko harremanik eten ez dadin. Ez dago euskara on edo txarrik, den dena da euskara; beharrezkoa da, benetan funtzio komunikatiboak beteko dituen hizkuntza malgua lortzea, idatzizko hizkuntza batuari bere eginkizuna onartzen zaion bezala.

Orain arte esandako guztia dela eta, euskalki eta euskara herrikoiaren ikasketari garrantzitsua deritzogu, hezkuntza sistemak erantzukizun handia daukala azpimarratuz. Hezkuntz-egitarau eta kurrikulumek eskola eta ikastolen inguru geografikoan berba egiten den euskararen irakaskuntza (edo dagokien herrialdekoa, euskara galdua dagoen lekuetan) aurreikusi behar dutela uste dugu, baita euskalki guztien gutxi gora-beherako ezaguera bultzatu ere.

Orain arte, lantegi hori ikastetxe edo irakasle bakoitzaren eskuetan geratu da, hezkuntza egitarauetan ezer ez delako aurreikusi. Eusko Alkartasunak, Euskal Autonomi Erkidegoan gutxienez, aukera paregabea dauka arlo honetan zuzenketak egiteko, Hezkuntza Sailaren kudeaketa, gaur egun, gure eskuetan dagoen neurrian.

Batuaren garapen/finkatze prozesua heldu den puntura helduta, uste dugu euskalkien irakaspenaren ordua ailegatu dela, beti ere batuaren garrantzia alde batera utzi gabe, berak izan behar baitu hezkuntzaren ardatz nagusia. Bakoitzari bere lekua emanez, hizkuntza estandarra eta etxeko euskara batera zaindu daitezkelakoan gaude. Horretarako, euskalkietan idatzitako literaturak zubilana egin lezake.

Azkenik, ez dugu ahaztu nahi euskalkiak estimatzeko eta ezagutarazteko bide horretan, komunikabideek paper nagusia dutela, bereziki Euskalerrian azken urteotan ugaritu diren herri aldizkari, irrati eta telebistek, baina nazio mailakoetan ere txokoren bat topatu daitekeelakoan gaude. Ahalegin interesgarriak egin dira jadanik –ETBko programa batzutan, adibidez- eta datozen urteetan alde horretatik sakondu beharko dela uste dugu.

No hay comentarios: