domingo, 1 de octubre de 2006

«Hauteskunde etekina atera nahi dio bake itxaropenari PSOEk, denbora dosifikatuz»


UNAI ZIARRETA EAko idazkari nagusia
http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=euskalherria&data=2006-10-01&orria=008&kont=007
Ziarretaren ustez, gatazka politikoa konpondu gabe nahi du PSOEk bake prozesua bideratu. Posible dela dio, baina horrela ez dela bake iraunkorra ziurtatuko.

IMANOL MURUA URIA

Bilbo

Hanka bat Bilbon eta bestea Gasteizen duela bizi da Unai Ziarreta (Mungia, 1970), EAko idazkari nagusia eta Eusko Legebiltzarreko EAren bozeramailea. EAk Bilboko erdigunean duen egoitzan hartu du BERRIA, leihotik Arriaga antzokia ikusten dela.

Arriskuan ikusten al duzu konponbiderako prozesua?

Geldialdi egoeran. Bagenekien korapilatsua izango zela, baina aurrera egingo duelakoan nago. Erantzukizunez jokatu behar dugu: ezin dugu aste batean poztasuna saldu, eta hurrengoan tristezia. Atzeraezina dela uste dut, gure esku ere ez dagoen arren, baina lan egin beharko da, hala izan dadin.

Su-etenaren egunean bezalako itxaropena duela esan berri du Zapaterok. Sei hilabeteren ondoren, itxaropen berbera: lasaigarria edo kezkagarria?

Zapaterori galdetu behar zaio bere gobernuak zer egin duen sei hilabeteotan itxaropena finkatzeko. Ez du ezer egin. Izatekotan, alderantziz: ekainaren 22an Eusko Legebiltzarreko talde sozialistako bozeramaileak [Jose Antonio Pastor] esan zuen udan mugimenduak izango zirela presoekin. Baina ez da ezer egin. Areago, espetxe politika gogortzen ari dira: dagoeneko kalean beharko lukeen jendeak barruan jarraitzen du, erasoaldi judizialak jarraitzen du... Sozialistak prozesua aurrera doala adierazi nahian ari dira, denboren dosifikazioarekin hauteskunde etekina ateratzeko ahalegin argian, 2007ko hauteskundeak iritsi arte bake itxaropenari eutsiz, baina benetako urratsik egin gabe. Arduragabekeriaz jokatzen ari dira.

Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko bilera erakunde armatua ari omen da atzeratzen, batik bat mahai politikoak aurrera egin ez duelako. Ulergarria?

Bi bideen eskeman, aurrena aldarrikapen bat: ez da berria, 1983an proposatu zuen aurreneko Jaurlaritzak, Carlos Garaikoetxea lehendakaria zela. Hau da, erantzukizunak eskatu beharko litzaizkieke 23 urte pasatu eta gero irizpide horietara ailegatu direnei. Galdetu beharko genieke zenbat ahalegin, sufrimendu, min, heriotza eta tortura aurreztuko genituzkeen, duela 23 urte onartu balute orain onartzen dutena.

Mahai batek aurrera egiten ez duelako bestea ere atzeratzea prozesuaren logikaren barruan dago?

Guk argi dugu bi bideak independenteak direla, baina nolabaiteko lotura dutela. Batak bestearekiko balio dezake, bai prozesua sendotzeko baina baita hankaz gora botatzeko ere. Beti esan dugu ETA gatazka politikoaren ondorio dela, baina gatazka ETA baino lehenagokoa dela. Bakearen errailean bakarrik sartzen bagara, oso ondo, hori behintzat irabaziko dugu, baina ez da gatazka politikoa konponduko. Eta bake horrek ez ditu elementu guztiak izango bake egonkorra eta iraunkorra izateko.

Bakea egonkorra eta iraunkorra izan dadin alderdien arteko mahaiak gatazkari heldu behar diola, alegia.

Gatazka politikoaren irtenbideaz alderdien mahaian eztabaidatu behar da. Eta mahai horretan lehenbailehen hasi behar dugu hizketan. Alderdi eta gobernu sozialista ari dira atzeratzen. Su-etena denboraren poderioz finkatzea nahi dute, eta besteari buruz, ikusiko dugu.

Gainerako alderdiak zer ari zarete egiten mahaia osa dadin?

Proposamenak egiten ari gara. Bi aldeko bilerak gehiago ez dute ematen, eta bi aldeko bileratatik alderdi anitzeko bileretara pasatzeko konbentzitu nahian ari gara, bereziki alderdi sozialista, bera ari delako eragozpen gehien jartzen. Bi aldeko bileratan, zuk gauza bat esaten duzu, eta besteak beste batek esaten duena arazo dela erantzuten dizu: «Niri ondo iruditzen zait, baina EAJri ez», edo «Batasunak ez dizu hori onartuko». Bi aldekoetatik alde askotakoetara pasatu beharra dago, lehenbailehen.

Baina bi aldekoetatik hiru aldekoetara pasatu omen dira.

Alde askotakoak behar dira.

Badirudi aurrena adostasuna EAJren, PSE-EEren eta Batasunaren artean lortu nahi dutela, gero alderdi txikiagoon adostasuna bilatzeko. Ulergarria?

Prozesu politikoa ezin da elite politikoen arteko kontua bihurtu. Bestela, Katalunian gertatu dena gertatzeko arriskuan eroriko ginateke. EA negoziazioetan dago, hori gerta ez dadin bermatzeko. Hiru horiek -EAJk, Batasunak eta PSOEk- oso interes garrantzitsuak dituzte jokoan, eta agian eskema horrekin ari dira, baina eskema okerra litzateke, euskal gizartearen zati garrantzitsu bat kanpoan utziko luketelako.

Zure hitzaldian normalizazioa estatutu erreformarekin ezin dela parekatu ohartarazi zenuen. Hori gerta daitekeen kezka duzulako?

Kataluniako eredua ezin da hona ekarri, eta ez dut inolako zalantzarik Madrildik hori egiten saiatuko direla. Ildo horretan, asko gustatu zitzaigun [Juan Jose Ibarretxe] lehendakariaren hitzaldia, gauza bera esan zuelako. Bat etortze handiak ikusten ditugu Ibarretxeren diskurtsoaren eta EAren planteamendu historikoen artean. Irtenbidea ez da etorriko estatutu erreformatik, beste bide batetik baizik: Euskal Herria erabaki subjektua; zazpi herrialde, nahi izanez gero esparru komuna egituratzeko aukerarekin; eta erabakitzeko eskubidea, autodeterminazio eskubidea.

Erabaki eskubideari buruzko «akordio formala» ere ez dela irtenbidea esan zenuen. Prozesuak bukaera hori izango duen kezka duzulako?

Hori garbi utzi nahi izan nuen. Inork ez dezala pentsa akordio batera heldu ahal izango garenik, erabaki eskubidearen aitortza formalari buruz, erabaki eskubide hori inoiz ez dugula baliatuko konpromisoa hartzearen truke. Independente izateko eskubidea aitortzen dizugu, baina zuk hitza ematen duzu hori ez duzula inoiz planteatuko. Ezin da horrela izan, herritarrek zilegitasun osoz nahi duten bide politikoa hautatzeko aukera lapurtzea litzatekeelako.

Baina inork proposatu du irtenbide hori?

Ez. Baina badaezpada ere argi utzi nahi izan dugu, hori proposatzeko asmorik baldin badago ere. Gakoa galdeketa da. Jendeari galdetzea zer nahi duen: a, b, c edo d.

Presoen egoerak okerrera egin duela esan duzu elkarrizketa hasieran. Alderdiok beste indar batekin ezin diozue erantzun egoera horri ?

Ari gara horretan. Egoera eutsiezina da. Xake partida balitz bezala ari dira, fitxak mugitzen, pertsonekin jokatzen aritzeak duen larritasunarekin. Eta pertsonek batzuetan irizpide pertsonalekin jokatzen dute, ez erakundeen irizpideekin, eta jokabide pertsonalek eragin ditzakete neurtzen zailak diren ondorioak, bake prozesua trabatu dezaketen ondorioak.

Iñaki de Juanari buruz ari zara?

Bai. Orain indarrez elikatzen ari dira, baina bukaera gogorra baldin badauka, zer gerta ote daiteke bake prozesuan. Kontrolatzen zailak diren elementu askorekin ari gara jokoan. Pertsonak daude jokoan, eta jokabide pertsonalek zalantzan jar dezakete prozesua.

Alderdi batzuk presoen eskubideen aldeko adierazpena hitzartzeko ahaleginean ari zinetela argitaratu zen. Noizko?

Aurrera doa. Hor gabiltza. Bakoitzak bere izaera nahi du islatu, eta hortik datoz arazoak. Baina gu hor gabiltza, Alberto Unamunzagaren bidez, lan ona egiten, nire ustez.

Ibaetako Foroak urriaren 7rako deitu duen manifestazioan izango zarete?

Oraindik ez dugu aztertu zuzendaritzan eta ezin dizut esan. Ikusiko dugu zelan parte hartuko dugun. Baina era batera edo bestera, izango gara.

Kale erasoen ugaritzea zer neurritaraino izan daiteke elkarrizketa politikoetarako oztopo?

Batasunaren munduari galdetu beharko genioke zer ekarpen egiten duen kale borrokak, egoera desblokeatzeko. Gelditu egin behar da hori behingoz, dagokionak gelditu egin behar du.

Alderdien harremanetarako oztopo da?

Argi dago oztopoa dela. Presoak, espetxe politika, erasoaldi judizialak eta Alderdien Legea erabiltzen ditu alde batek, eta beste aldeak kale erasoak eta mehatxuak, gauzak haien ustez joan behar duten bidetik ez badoaz ETAren indarkeria itzuli egingo dela ohartaraziz. Presio horiek onartezinak dira. Erantzukizuna eskatzen diet bi aldeei, joan behar dugun lekura joan ahal izateko, alderdien mahaira alegia.

Aritxulegikoari buruz zer interpretazio egiten duzu?

Beste tanta bat da presioa areagotzeko; nire ustez, onartezina den ikuspegian: eurak nahi duten epeekin eta metodoekin aurrera egiten ez badu prozesuak tiroak itzuliko direla. Gizarte honi mehatxu izugarria egitea da hori.

No hay comentarios: