jueves, 12 de abril de 2007
La responsabilidad de los jóvenes frente a problemas estructurales
1 Gazteongan eragiten duen errepresio estruktural bat errotu du sistemak. Gazteon garapen naturala oztopatzen duen errepresioa da. Sistemak ezarritako erritmoei jarraitzera behartuak gaude, eta gazteok ez dugu aukerarik. Gure lanketa bi ardatzen inguruan garatzen da. Batetik, gazteria suspertu nahi dugu kontzientziazioaren bidez, egoera honi aurre egiteko beharrezkoa delako; eta, bestetik, etxebizitzaren arazoa baldintzatzen duten faktoreei aurre egiteko tresna eragingarria da lan instituzionala. Gure asmoak erakundeetara eramaten ditugu Eusko Alkartasunaren bidez. Etxebizitza, behar oinarrizkoenetakoa izateaz gain, eskubide unibertsala ere bada. Eta behar soziala ezin da negozio bilakatu. Alokairuzko BOEk gizartearen etxebizitza beharra arintzen lagunduko dutelakoan gaude. Etxe hutsen jabeei isunak jartzearen alde egon arren, era berean, neurri hori ez dela eragingarria uste dugu.
2 Drogak historian bidaide izan ditugu, eta egun ere errealitate ukaezina dira. Baina orain aspektu politikoak eta kulturalak ere nahasten dira afera horretan. Gure iritziz, drogen afera gehiegi zentratu da legeztapenean. Drogen kontsumoaren apologiarik egin gabe, legeztapena neurri egokitzat dugu, betiere beste hainbat neurrirekin batera. Hala ere, esan beharrekoa da drogen kontsumismoa gizarte kontsumista honen erakusle dela. Tamalez, drogez ari garenean, gazteon aisialdiarekin erlazionaturik dauden gaiez ere ari gara. Nabaria da dauden alternatiben mugen ondorioz gertatzen dela. Alternatiba eskasiak eta drogen banalizazioak arduratzen gaituzte. Gainera, drogek eragiten duten efektu sozialak gazteriaren arduragabekeria areagotzen du. Beraz, gazteriaren askatasunaren aurkako tresna eragingarria izan daiteke. Hala, drogen erabilera arduratsua oso baliagarria izan daiteke, baina horretarako, sustantziak kalitatekoak diren bermea behar-beharrezkoa da, eta legeztatzea lagungarria izango litzateke.
3 Gaur egun, ekonomia neoliberalaren interesak lehenesten dira, eta gazteria ekonomiaren zerbitzura dagoen tresna bilakatu da. Gure ikuspuntutik, egoerak guztiz kontrakoa izan behar luke. Ekonomia gizartearen zerbitzura egon beharreko tresna da. Lan merkatua, beraz, desegokia da. Ez dio gazteriari egonkortasuna ematen, ez eta baliabide nahikoa duintasunez bizitzeko. Emakumea bazara, gainera, egoera are eta larriagoa da. Gazteria, egungo lan merkatuan, eskulan merkea eta trebatua da. Alternatibei dagokienez, ekonomia-politikaren norabidea aldatu beharra eta prekarietatearen eta langabeziaren aurkako neurriak finkatzeko premia nabaria da. Gizarte-ekonomia eredu berri bat asmatzea premiazkoa da. Lanaren banaketarako neurriak finkatzeaz gain, ekonomia emankorraren alde egin behar dugu. Egun, garraioan eta zerbitzu orokorretan oinarritutako eredua ez da bideragarria, dependentea delako. Beraz, nekez kontrolatu ahal izango dugu gure ekonomia eta kanpoko interes ekonomikoen eragina. Artean, neurri partzialak hartzeko aukera baino ez dugu izango. Eta horien artean daude legedi berri bat, lan banaketa bultzatzea, 35 orduko lan astea ezartzea, eta beste.
4 Gazteon jarrera gero eta askatzaileagoa dela uste dugu, eta hori normaltasunez bizitzeko ona dela. Normaltasunez bizitzeko eta disfrutatzeko oztopo handia da intimitaterako espazioez baliatzeko dagoen zailtasuna. Oraindik ere matxismoa hedatua dago, baita gazteon inkontzientean ere. Sexu aukeren askatasunaren aurka eta emakumea objektu bihurtzea eragiten du horrek. Hala eta guztiz ere, sexu aukeren gaineko tolerantziari dagokionez, nabarmen aurreratu da. Baina oraindik ere hainbat balio errotu gabe daude, eta bada tolerantzia eskasia sakona oraindik ere. Kultura aldaketa nabarmena gertatzen ari den arren, neskek eta mutilek haur direnetik heziketa matxista jasotzen dute. Alde horretatik, Gazte Abertzaleak taldea Bizigay taldearekin elkarlanean aritzen gara aukera sexual ezberdinekiko errespetua zabaldu nahi izan duten lan dinamikak bultzatzen. Sexualitateari dagokionez, giza eskubideak errespeta daitezen, salaketa eta kontzientziazio lan sakona egitea ere gure erronka da. Gure askatasun potentzialak txikitzen dituzten baldintza sozialek, kulturalek eta ekonomikoek errepresio mota berri bat eragiten dute. Eta errepresio hori estrukturala da, sistemak berezkoa duelako.
Alex ALBA, Gazte Abertzaleak taldeko kidea
www.gazteabertzaleak.org
www.gaztedenda.org
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario