martes, 3 de junio de 2008

Kartak gora begira


http://www.berria.info
Unai Ziarreta
Eusko Alkartasuneko lehendakaria

Badago. Espekulazioak amaitu dira. Gobernu Kontseiluak onarturiko lege proiektua, bertan jasotako bi galderak barne, aurkeztu berri du lehendakariak hiruko Gobernuaren izenean urriaren 25erako deituko duen herri galdeketari legezko babesa emateko. Jaurlaritzak iragan irailean euskal gizartearekin hartutako konpromisoari eutsi dio; orain Eusko Legebiltzarraren ordua iritsi da, berari baitagokio oraingoz egitasmo bat baino ez dena tramitatzea eta lege maila ematea galdeketa ofizialki deitu ahal izateko.

Legebiltzarraren ordua da. Azken batez, politikaren ordua da, letra larriz idazten den politikaren ordua. Bake prozesua apurtuta, ETAk berriz ere indarkeriaren bideari heldu eta gero, alderdi politikoen erantzukizuna da aurrea hartzea eta bakea eta normalizazioa ekarriko dituzten bideak bilatzea. Guztiz demokratikoa izango den eszenatoki berri baten beharra dugu, proiektu politiko guztiak defendatzea ez ezik, gauzatzea ere posible izan dadin. Egun --esatea ere soberan dago-- hori ezinezkoa da; batetik, ETAren intolerantzia kriminalagatik; bestetik, PSOEk eta PPk gure herriari inposatzen dizkioten blokeo eta muga konstituzionalengatik.

Bere azken garaipen elektoralak harrotuta agian, ETArekiko negoziazioen hausturak, lehenengo, eta su-etenaren amaierak, ondoren, eragin zuten desilusioak bultzatuta agian, kontua da Zapaterok eta PSOEk beren baitan ixtea erabaki dutela eta praktikan gatazka armatuaren konponbide elkarrizketatuari uko egiten diote, aurreikusten duten irtenbide bakarra ETArenganako presio poliziala eta judiziala izanik. Historiak hori ez dela bidea ederki irakatsi digu baina, hala ere, gai honi heltzen dionean PSOEk erakusten duen jokaera eta Aznarren garaiko PPk egiten zuen politika zorrotza berdin-berdinak dira. Dirudienez, etsipena barruraino sartu da sozialisten zuzendaritzan eta espainiar Gobernuan: ETAk hiltzen jarraituko duela onartzen dute eta euren erantzun bakarra da Estatuak eutsi egingo duela.

Eusko Alkartasunan, aldiz, ez gara etsipenean erori eta ez gaude egoera tamalgarri honi eusteko prest. Horregatik hirukoaren ibilbide-orriaren aldeko apustu tinkoa eta zalantzarik gabekoa egin dugu, urratsez urrats baina etengabe aurrera eginez gure herriaren autodeterminazio eskubidean oinarrituko den eszenatoki politiko berria egituratu arte, eztabaida gatazkaren konponbidearen mamian egongo diren gakoetan (indarkeriaren bukaera elkarrizketatua eta erabakitzeko eskubidea) zentratu arte.

Urriaren 25eko herri galdeketa ezinbesteko mugarria dugu. Zapaterok eta PSOEk, PPren laguntzaz, ateak itxi dizkiote balizko akordio bati; ondorioz, euskal gizartearen ordua heldu da eta orain berari dagokio agintea hartzea eta normalizazio politikoaren oinarriak jartzea. Elkarrizketarako eta akordiorako gure proposamenak sistematikoki baztertu ditu Madrilek. Handik egiten diguten eskaintza bakarra etengabeko blokeoa da, beraiek gustuko ez duten edozein irtenbideren gaineko betoa, irtenbide horrek euskal gizartearen gehiengoaren babesa eduki arren.

Gal dezagun behingoz itxaropena. Abertzaleok denbora gehiegi igaro dugu Madrili begira, gure arazoen konponbidea handik etorriko zela pentsatuz. Hala ere, ezin esan denbora galdu dugunik gutxienez zerbait ikasteko balio izan baldin badigu, espainiar Estatuak inoiz ez gaituela aintzat hartuko, berezko nortasun nazionala duen herri gisa, aldez aurretik gure nazio eskubideen aldeko gehiengo sozial eta politikoa egituratzeko gauza ez bagara.

PSOEk eta PPk osatzen duten bloke ukatzailearen aurrean, urriaren 25eko kontsulta aurrerapausoa da dike guztien gainetik pasako den olatu soberanista hori egituratzearen bidean. Eztabaida eta sakoneko arazoa behar bezala, indarkeriaren amaiera elkarrizketatuaren eta autodeterminazio eskubidearen inguruan, kokatu ondoren, Gasteizko Legebiltzarrak aukera du, kontsultaren lege proiektuaren onarpenaren bitartez, euskal gizartea bere etorkizuneko protagonista bakar eta zuzen bilakatzeko eta herri-borondatearen errespetuan datzan printzipio demokratikoan oinarritutako akordioen aldeko euskaldun gehienen eskariari ahotsa emateko, Euskal Herrian egitasmo politiko guztiak defendatu ez ezik, gauzatzea ere posible izan dadin.

Kontua ez da edo hirukoaren proposamena hartu edo utzi. Gure proposamenak atea zabaltzen dio oinarri demokratikoak dituen elkarrizketa, negoziazio eta akordio prozesu bati. Bakarrik oinarri horiekin bat egiten ez dutenek prozesu hau oztopatzeko tentazioa eduki dezakete, PSOEk eta PPk jada ohartarazi duten bezala, galdeketa debekatzearekin mehatxu eginez.

Demokraziaren beldur dira. Herriari hitza ematea eta bere iritzia entzutea baino ezer demokratikoagorik ez dago. Herritar bakoitzaren iritzia entzuteak ez du ezertan ere zatikatzen; alderantziz, aberasgarria da. Beldur diote eztabaidari berari. Batasunarekin eta ETArekin itzalpean eztabaidatzeko ohitura izanda, ez da harritzekoa orain PSOEk bertigoa sentitzea, hirukoak eztabaida publikoa termino berdinetan planteatzen baitu, indarkeriaren desagerpenaren eta erabakitzeko eskubidearen inguruan. Beldur diote irekian eztabaidatzeari, bere argudioak sostengurik gabe geratzen direlako gizartearen aurrean, gehiengo zabal batek erabaki nahi duelako eta ez duelako onartzen beste inork, ez ETAk, noski, ezta Zapaterok ere bere ordez erabaki dezala.

Atea irekita dago eta bide oso bat dugu aurrera egiteko. Luzea izan ala ez, norabidea markaturik dago, kontsultaren itaunek jaso duten moduan. Eusko Legebiltzarrak, ekainaren 27an, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek, urriaren 25ean, esan behar dute orain bide honetan atzera egiterik dagoen ala, aitzitik, Euskal Herriaren eskubide nazionalen aitortzaren bila demokratikoki aurrera egiteko unea den, Eusko Alkartasunan uste dugun bezala. Kartak gora begira jarri ditugu. Eztabaida politikoa bere termino zehatzetan ipini dugu. Atea ireki diogu gure herriaren burujabetzaren aldeko gehiengo sozial eta politiko zabal baten egituratzeari. Denok, salbuespenik gabe, arduraz jokatu behar dugu orain. Gure etorkizunak merezi du.



############


Eztabaida politikoa bere termino zehatzetan ipini dugu. Atea ireki diogu gure herriaren burujabetzaren aldeko gehiengo sozial eta politiko zabal baten egituratzeari. Denok, salbuespenik gabe, arduraz jokatu behar dugu orain



############