domingo, 2 de noviembre de 2008

EAk Bruselan salatuko du "Espainiaren kalitate demokratiko eza"


Unai Ziarreta presidentea eta Mikel Irujo EAko europarlamentaria astelehenean joango dira, eta Europako Parlamentuko legebiltzarkide batzuekin batzartuko dira.

EA hurrengo astean Bruselara joango da, eta Europako parlamentari batzuen aurrean "Espainiaren kalitate demokratiko eza" salatuko du, gaur Unai Ziarreta alderdiko presidenteak iragarri duenez. Honen arabera, "Espainiako Gobernuak Euskal Herria isildu egin nahi du, bere etorkizuna modu librean erabakitzea eragotzita".


Ziarretaz gain, Mikel Irujo EAko eurolegebiltzarkidea ere joango da hara, astelehenean. Europako Parlamentua bisitatuko dute eta haibat elkarrizketa izango dituzte legebiltzarkideekin.


"Gutxiengo nazionalen" babesaren alde lan egiten duen taldearekin batzartuko dira lehendabizi. EAk dioenez, talde horrek Euskal Herriko egoera politiko eta ekonomikoa jorratua du.


Friendship taldearekin ere elkartuko dira -SPD (Alemania) eta Sinn Fein (Irlanda) dira kideetakoak-, baita ALE Europako Aliantzeko Libreko kideekin ere. ALEko kide da EA, eta ERC (Herrialde Katalanak) edota Scottish National Party (Eskozia) ere partaide dira. "Estaturik gabeko nazioak aitortzeko Europan zer pauso eman diren aztertuko dugu", esan du Ziarretak.


Eusko Legebiltzarrak 2008ko ekainaren 27an onartu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsulta egiteko Galdeketaren Legea (gehiengoa osoa lortzeko, EAJ, EA, EB eta Aralarren botoak ez ezik, EHAK-ko batena ere jaso zuen legeak), eta gero Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin zuen. Lehengo urriaren 25ean egitea nahi zuten galdeketa.


Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak irailean iragarri zuen Europa Batasuneko Giza Eskubideen Auzitegian Espainiako Estatuaren kontrako salaketa sartzeko asmoa zutela, Konstituzionalaren erabakiak "pentsatzeko, adierazteko eta elkartzeko eskubideak urratzeagatik", baina oraindik ez dute halako pausorik eman.

Jatorria: Eusko Alkartasuna/Berria