viernes, 22 de enero de 2010

Ez dago ezker subiranistaren espazioa bete dezakeen alderdirik

argazkia

Pedromari Olaeta

Getxo, 1956. Zientzia Fisikoetan eta Enpresa Zientzietan ikasia. EAko Zuzendaritza Nazionaleko kidea. Ezker Soberanista Eraikitzen ekimenaren bultzatzaile nagusietako bat da. Euskal Herriak subiranotasun bidean aurreratzeko behar duen eredu berriaz jardun dugu.

Zertan dago ezker politikoa gaur egun?

Garai aldaketa ematen denean, lehengo garaiko paradigmek ez dute garai berrirako balio. 1990etik ezkerrak ez du identitate berririk eraiki Europan. Ez da hemengo arazoa soilik, gizarte garatuen arazoa da. Alegia, ez dago proletariorik, baina kapitalismoaren dialektika bizirik dago. Laburrean esanda: egungo ezkerrak ez daki jendea mobilizatzen iraganeko paradigmak erabiltzen dituelako.

Industrializazioaren osteko garaian gaude...

...eta garai berri baten hasieran: informazioaren garaia, informazioaren kontrolean oinarritua. 1940ra arte aberatsa zen lurra zeukana. 1940etik 1980ra lantegiak zeuzkana.1990etik informazioa kontrolatzen duena da aberatsa. Informazioa duenak inbertsio funtsetan inbertitzen du dirua, funts hauek munduko alde batetik bestera doaz eta kapital espekulatiboa sortzen du. Hori da oraingo krisiaren eragileetako bat.

Egoera berriak zer iradokitzen digu Euskal Herriaren eraikuntzari begira?

Iragan mendean gizartean eragiteko ereduak berritu behar direla, argudio berriak behar ditugula.

Zer da zentzu horretan Ezker Soberanista Eraikitzen ekimena?

Ezker berriaren paradigmak eraikitzeko ekimena. Azken 30 urteetan ezker subiranistaren indarrak elkarri harrika aritu dira. Areago, paradigma berriak landu beharrean ezkerrak kanpoko ereduak kopiatu zituen. Alderdi bat sortzeko Marx, Mao, Lenin, Stalin edo euren aldaerak kopiatu eta horien aldarria egin zen. Hartara, ezker subiranistaren produkzio intelektuala ezdeusa da. Salbuespenen bat kenduta noski. Emilio Lopez Adan-en El Nacionalismo Vasco y Clases Sociales gidaliburutzat hartu behar da. Badira bizpahiru gehiago, beste maila batekoak. Alegia, garaia aldatu da, ekoizpen moduak eta gizartea instituzionalizatzeko ereduak aldatu dira, baina harreman sozialak lantzeko ereduak ez.

Ezker Soberanista Eraikitzen programa bat dela diozue, ez plataforma bat.

Ezker subiranistaren eredu eraginkorra eraikitzeko behar den talentua ez dagoela alderdi edo kolektibo bakar batean diogu. Estatu komunista ohien eredu sozialista ez zaigu balio eta kapitalismo inperialista berriaren aurrean alternatiba bat eraiki behar dugu. Baina hori ezin da alderdi bakar baten eskutik egin. Egun langilea ez da bakarka ari enpresetan, Netword ereduaren barruan ari da. Talentua bildu eta harremanak berriztatzeko kezka eta nahia dituzten pertsonak behar dira, eredu berriak sortzeko arduratuak. Pertsonok enpresa-erakunde ezberdinetan ari gara eta eredu berriak eraikitzeko irizpide transbertsalak landu behar ditugu. Gauza bera behar da euskal politika berritzeko. Horregatik gurea programa da eta ez hauteskundeetan aurkezteko plataforma.

Euskaria eta Maltzaga. Nazioeztabaida Gunea. Ezker Soberanista Eraikitzen... Herritarrak jabetzen al dira ekimen sorta honetaz guztiaz?

Bizitza politikoan eragiteko hainbat maila daude. Bat: alderdi batean militatzea eta bere pentsamenduaren ildoan aritzea. Baina bitarteko transbertsalak ere beharrezkoak dira. Maltzaga Euskariatik sortu zen, alderdi abertzaleek betetzen duten espazio elektorala ezker subiranistaren bidean garatzen laguntzeko.

Eta zer erakutsi dizue esperientziak?

Alderdi politikoen jardueren helburu nagusia hauteskundeek zedarrituta dagoela. Aldaketa bideratzeko programa garatu nahi badugu ezin dela hauteskundeek erregulatua izan. Ez dugu esan nahi ez direla erreferente bezala kontuan hartu behar. Ni EAko eta Ezker Subiranista Eraikitzen-eko kidea naiz.

Baten batek esan lezake ekimena EAtik sortu dela.

Ni EAko Zuzendaritza Nazionalean sartu aurretik Euskaria eta Maltzagan ari nintzen jada. Ezker Subiranista Eraikitzen gogoeta landuta genuela hartu nuen konpromiso hori EAn, hain zuzen ere ekimen honen ildoan hartu ere. EAko ez diren beste lagun askok ere partekatzen du egitasmoa. Eta badago bereziki partekatzen dugun aspektu bat: indarkeriarik ezaren ekimenetan aritzea. Hau da, gure tesia partekatu daiteke alderdi bereko kideak izan gabe.

Nola ikusten duzu EA, azken Kongresuaren ostean?

EAk koherentzia irabazi du. Aurreko zuzendaritzaren garaian tesia eta praktika ez ziren ongi doitzen. Orain, gehiengoak onartutako ponentziaren ildoan, pentsatzeko modua zabalagoa da, lehen zegoen irudia baino koherenteagoa zabaldu da. Koherentzia kohesioarekin lotuta dago, amalgaman. EAn hainbat iritzi dago, baina ez daude fusionatuta. Fusio eta amalgamaren prozesuak ezberdinak dira. Fusioan elementu natural diferenteak batzen dira zerbait ezberdina sortzeko. Amalgama bizikidetzaren oinarria da: denok norabide batean goaz, baina nork bere jarrerei eztabaidan eutsiz.

Zer ekar dezake EAk uneon?

Koherentzia irabaztean, edozein giza erakundeak korrespondentzian irabazten du, bi kontzeptuok ezberdinak dira. Korrespondentzia egun hauxe izaki: A koherentzia eta B koherentzia duten bi taldek elkarrekiko harremanak izatea da. Koherentzia gradu egokia izateak korrespondentzia gradu egokia lantzea ekartzen du, hau da, besteekin itauntzeko gaitasuna, politikan aritzeko berebiziko ezaugarria.

EAk ezkerreko beste alderdi abertzaleak garatu dezakeen harremana hizpide. Nolakoa da Aralarrekikoan?

Aralar koadroek osatutako alderdia da, hauteskundeetarako ahalmen handiko aparatua duena. EA beste eredu bat plantetatzen ari da. Hau da, ez dago ezker subiranistaren espazioa beteko duen alderdirik. Azken urteetako praxi politikoaren ondorioz, errezeloak daude alderdi subiranisten artean. Hori aldatzeko ezker subiranista mugimendua eraiki behar da. Zentzu horretan, EA alderdi bezala osatutako iritzi korrontea izango da mugimenduan.

Aralar eta EA NaBai koalizioan daude, baina beren arteko harremanak ez dira errazak.

Dibergentziak daude, naturalak, hegemoniaren lehiak eraginda. Aurreko garaiko ohituren ondorioz zailtasunak ditugu eredu subiranista finkatzeko, hegemonismoa gaitza da. Esaterako, ezker abertzale historikoak polo subiranista sortu daitekeela esan du azken urteetan, noski, baldin eta berak lideratua baldin bada. “Ezkerrean ni naiz hegemonikoena” argudiatu du. Polo subiranista izango bada biolentziarik gabekoa izango dela ohartu dira ordea. Aralarrek “orain ni naiz hegemonikoa” dio. Alderdien hegemoniaren arazoa bizi dugu.

Zein da aurrerabidea?

Hegemonia printzipio horri denok uko egitea. Hori da EA barneratzen ari dena. Hori da ezkerra eraikitzeko programa gauzatzeko bidea. Bestelakoan alderdien hegemonikoen ereduaren bidean segituko dugu. Alderdi batzuk elkarrekin aurkeztuko dira hauteskundeetara, baina ez da mugimendu sozial sendoa beren atzean eraikiko. Aurreko garaian bezala gertatu ez dadin, alderdien arteko ekimen hegemonikoa ez instituzionalizatzea da gakoa. Iraganean EEko eredua izan zen horren adibide agerikoena. EAk ere bide horretan nabigatu zuen denbora luzez. Ikaspena: ez baduzu zure atzean ondo lotutako mugimendu sozial bat, deslotzen zara, bazoaz, eta azkenean sistemak irensten zaitu. Herri honen subiranotasun maila aldaketa eman dadin ezin dugu bakarrik instituzioen bidez aurrera egin, aktibismoa instituzionalizatu beharrean instituzioak aktibizatu behar ditugu.

Lizarra-Garaziko Akordioaren bidean joatea litzateke hori.

Nolabait. Lizarra-Garaziko Akordioaren esperientzia baliatu beharko genuke. Akordioa baina, ez zen sozializatu tamalez, ez zen akordioa bermatzeko mugimendu soziala garatu.

Zer ibilbide ikusten diozu ezker abertzale historikoak Altsasun aurkeztu zuen proposamenari?

Bi bide besterik ez: borroka armatuaren dependentziapean segitzea edo deslotzea. Borroka armatuarekiko independentzia ezak bere mugimendu sozialaren desagerpena ekar diezaioke. Azken urteotan atxilotutako militante gehienak ez dira armekin dabiltzanak, mugimendu zibileko aktibistak baizik. Borroka armatuaren eta aktibismo sozialaren nahasketa gertatu da. Honi Auzitegi Nazionalak ezarri duen tipo penal zabala gehitzen badiozu, denok izan gaitezke judizialki jazarriak. Ezker abertzale historikoak orain arteko tesiekin segitzen badu, tipo penal horrek mugimendu soziala irentsiko du.

Non ikusten duzu zailtasun handiena ENAMeko ezker abertzalean ematen ari den prozesuan?

Militante historiko asko prest daude ETArekin hausteko, baina ez daude prest zatiketa jasateko. ENAMaren ezaugarrietako bat ez zatitzea da. ETAren bukaera onartzeko prest daude, baldin eta zatiketarik ez badago. Beraiekin berba egiten duzunean Aralar ez dute ezta aipatzen ere, ez dute onartu Aralarrek utzi zituenik. Aralar ez zaie gaizki iruditzen bere tesi ideologikoengatik, baizik ez zuelako barnean segitu.

ETAk hartu lezakeen jarreraz zerbait gehiago gehitu zenezake?

ETAren jarrera 1960-70ko Europako abangoardia iraultzaile txikien jarrerarekin konpara daiteke. Badu inguru sozial bat, baina gero eta urrunago. ENAMn zatiketa eman gabe ere, mugimendu sozialak zeukan eragina apaldu da. Mugimendu soziala txikitu, bere koadroak gutxitu eta bere kideak urritzen badira, ETAren desagerpen prozesua emango da. Tira, zatiketa eman gabe ere egunez egun ematen ari da jada. Jendeak egun ez du autoritarismoa jasaten. ETAk bide beretik segitu nahi duela? Bere ardura da.

Etorkizuna iluna da oraindik ere.

Bai. Izan ere, demagun aktibista batzuek AHTren aurka egiten dutela, bada, indarkeriaren bidean ari direnekin nahasten dituzte. Hasteko, mugimendu soziala desmobilizatzen da. Jarraian, aktibistak Auzitegi Nazionalean bukatzen dute eta mugimendu soziala errotik erauzten dute. Horregatik indarkeriarik gabeko aktibismoa da bide bakarra. Ezker Subiranista Eraikitzen-ek esparru zibiko naturala landu nahi du, biolentziarik gabeko aktibismoa bultzatu, zabaldu eta finkatzeko.

http://www.argia.com/argia-astekaria/2215/pedromari-olaeta/osoa

No hay comentarios: