miércoles, 1 de diciembre de 2010

Badator Euskal Herriko eskubide zibilen aldeko mugimendua

Euskal Herriko herritarrok zuzenki eta modu aktiboan inplikatu behar dugu denok nahi dugun ziklo aldaketa lortzeko. Herri honek denbora gehiegi darama alde askotariko indarkeria eta inposaketa dinamika batean murgildurik, eta horrek galarazten digu marko demokratiko berri bat sortzea gure bizitza politiko eta soziala libreki garatzeko.

Behingoz aldaketarako aukera benetakoak daude, eta norabide horretan hainbat urrats egin dira. Nolanahi ere, eskubide urraketak gertatzen ari dira oraindik, helburu dutenak prozesua oztopatzea, atzeratzea edo boterearen zein interes politiko edo alderdikeriazkoen menpeko bihurtzea.

Alabaina, Euskal Herriko gizartearen gehiengoak nahi du prozesuak aurrera egin dezan behingoz. Bizitza eta askatasun eskubideak bermatuak egongo diren eskenatokia nahi dugu; libreki erabakitzeko eskubidea, bazterketa eta betorik gabe; denendako etorkizun baketsua eta askatasunezkoa edukitzeko eskubidea. Ez ditugu blokeoak eta atzerapenak ametituko zikloa goitik behera aldatzeko prozesuan eta pertsona guztien eskubideak bermatuko dituen eskenatokia lortzeko bidean.

Duela hilabete batzuez geroztik hainbat ekimen abian jarri dira Euskal Herrian eskubide zibilen aldeko mugimendu bateratua, irekia eta askotarikoa martxan jartzeko. Mugimendu hori erabakigarria izango da aldaketa prozesua bide onetik joan dadin. Horiek horrela, herritar eta gizarte eragile askok adierazpena egin genuen irailaren 11n Bilboko Kafe Antzokian egindako bilkuran. Adierazpena berretsia izan zen urriaren 2an Bilbon egin zen manifestazio jendetsuan eskubide guztiak pertsona guztiendako aldarrikatu zituena.

Garaia da Euskal Herriko Eskubide Zibilen aldeko Mugimenduari bulkada erabakigarria emateko. Mugimendua auzo, herri, eskola, unibertsitate eta mugimendu sozialetara hedatu behar da. Denok mugitu eta konprometitu behar dugu bakea, demokrazia eta askatasunezko eskenatokia lortzeko. Aldaketaren motorra izan behar dugu, blokeoak, oztopoak eta atzerapenak gaindituz. Euskal jendartearen interes orokorraren alde egin behar dugu honako hauek eskuratzeko:

Euskal herritarrak protagonista nagusiak izatea eta, beraz, iniziatiba hartzea partehartzea eta gizarte mobilizazioaren bidez aldi berri bat has dadin, non eskubideak bermatuko baitira.

Estatu Espainiar eta Frantsesek, estatu demokratiko eta zuzenbidezkoei dagokien gisan, berehala eta egiazki bermatuko dizkiete beren eskubide zibilak norbanako zein kolektiboei, inolako salbuespenik gabe.

ETAk erantzun berehalakoa, irmoa eta baiezkoa emango die Bruselako Adierazpenak zein Gernikako Akordioak egiten dizkioten eskaerei.

Deia egiten diegu Euskal Herriko herritarrei eta gizarte, kultura, kirol zein aisialdi eragileei Eskubideen Zibilen aldeko Mugimendua sustatu, antolatu eta garatzeko, nahi dugun ziklo berria lortzeko ezinbestekoa baita. Horretarako, heldu den abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean alegia, kalera atera behar dugu “Eskubide guztiak denentzat” lemaren pean, mugimendua mugituz gauzatzen dela erakusteko eta askatasuna, bakea, justizia soziala eta demokraziarantz zuzentzeko.

Euskal Herrian, 2010ko Abendua mugimenduasortzen@gmail.com

No hay comentarios: