miércoles, 26 de enero de 2011

EAk bat egin du osteguneko greba orokorrarekin murrizketa sozialei aurre egiteko


‘Euskal Herria ezkerretik’ izenburuko itunaren sinatzaileek (EAk, Ezker Abertzaleak eta Alternatibak) euskal gehiengo sindikalaren deiari erantzun diote. Pentsio duin bat jasotzeko pertsona guztien eskubidea aldarrikatu dute eta beste eredu ekonomiko, sozial eta politiko baten alde lan egiteko konpromisoa berretsi dute.

Azken urte eta erdian euskal gehiengo sindikalak deitutako hirugarren greba orokorraren atarian gaude. Hiru greba hauek komunean dute elementu bat: langilegoa ez dadila izan mugarik gabeko finantza-kapitalaren diru-goseak eragin duen krisia ordaintzen duena; urte askotako borrokari esker lortutako eskubideak ez daitezela murriztu, krisia aitzakia hartuta.


‘Euskal Herria ezkerretik' izenburuko akordioaren oinarri nagusiak nazio eraikuntza eta gizarte eraikuntza dira. Txanpon beraren bi aldeak dira. Akordioaren aurkezpen ekitaldian azpimarratu genuenez, erantzun irmoa eman behar zaie langileen eskubideak gutxietsiz merkatuen nagusitasuna mantendu nahi duten neurri ekonomiko eta sozialei.

Horixe da, hain zuzen, Gasteizko, Iruñeko eta Madrileko gobernuak (azken hau EAJren babesarekin) egiten ari direna. Bere azken ekarpena erretiro-adina 67 urte bete arte atzeratzea da, eta horrekin batera pentsioa kobratzeko eskubidea izatearren kotizatu beharreko urte kopurua ere handitzea.

Neurri hori, eta ez da bakarra, atzerapauso argia da langileen lan eta gizarte eskubideen ikuspegitik, eta beste behin krisiaren ondorioak gizartearen sektorerik ahulenen bizkar gainean erori da, hau da, gazteak, etorkinak eta emakumeak bereziki, azken hauek zigor bikoitza jasaten ari baitira krisiaren ondorioz.

Espainiako Erresumako Gobernuak hitzez hitz bete ditu banku-botereen exijentziarik onartezinenak; botere horien helburu bakarra haien etekin iraingarriei eustea da, guztiei, horrek hondamen kolektiboa ekarri arren. Banka pribatua da benetan gobernatzen gaituena; alegia, Zapateroren txeke multimillonarioak diru-gosez pilatu dituena, Estatuko zor publikoa erosita interes altuak lapurtzen dizkigun bitartean.

Horrela, banka pribatuak patronalari likidezia eskatzen dio, eta patronalak PSOEk eta EAJk lotsarik gabe txalotzen duten lan erreforma eskatzen dio espainiar Gobernuari.

Hori dela eta, datorren ostegunerako, hilak 27, euskal gehiengo sindikalak deitutako greba erabat justifikaturik dagoela uste dugu, eta deialdi horrekin bat egiten dugu.

Zalantzarik ez dago, pentsioen erreforma eta haien ustezko bideragarritasunik eza saio bat baino ez dira sistema publikoarekin amaitzeko eta sistema bera pribatizatzeko. Guk prozesu horri aurre egingo diogu, gure oposizioa erabatekoa delako.

Enplegua sortu eta lan-prekarietatea murriztu beharrean, langileen egoera larriki ahuldu da; gobernuak langileak bakarrik uzten ari dira espekulatzaileen interesen alde egiteko.

Eusko Alkartasunak, Ezker Abertzaleak eta Alternatibak gizarte-justizia defendatzen dugu, eta argi dugu murrizketa sozial hauek guztiak gure burujabetzaren aurkako buruz buruko eraso bat direla, guk aldarrikatzen dugun lan harremanetarako euskal esparruaren ukazioa direla. Erabakitzeko eta gizarte-elkarrizketarako estatuko esparruaren inposaketa jasaten du euskal gizarteak, eta esparru horren eredua mimetikoki aplikatzen da EAEn zein Nafarroan, Euskal Herri osoaren errealitate soziala, politikoa, ekonomikoa eta sindikala aintzat hartu gabe.

Pertsona guztiek pentsio duin bat jasotzeko eskubidea izan behar dutela aldarrikatzen dugu, eta horretarako enplegua sortu behar da, baina kalitatezko enplegua; soldata altuagoa, kotizazioa ere altuagoa. Gazteek eta emakumeek lan merkatuan sartzeko aukera izan dezaten, baldintza eta aukera berdintasunean. Zerga politika aurrerakoia eta progresiboa ezar dadin. Eta lehenago esan dugun bezala, Euskal Herriak bere pentsio-sistema erabakitzeko ahalmena eta tresnak izan ditzan, hau da, erabakitzeko euskal esparrua izan dezan.

Hau guztia dela eta, datorren ostegunerako, hilak 27, euskal gehiengo sindikalak deitutako greba orokorrarekin bat egitea erabaki dugu, argi eta garbi.

Greba Orokor honek ez die erantzunik ematen amorruari edo haserreari bakarrik. Benetako aldaketaren alde lan eginez jarraitzeko bidea da. Beste eredu ekonomiko, sozial eta politiko baten alde lanean segitu behar dugu. Eredu bat non herritarrok ez garen egongo batzuk bakarrik babesten dituen eredu ekonomiko baten zerbitzuan, ekonomia bera herriaren interesen zerbitzuan egon dadin. Euskaldunok kalera irten eta mobilizatu behar dugu gure eskubideak errespetatuak izan daitezen.