lunes, 26 de marzo de 2007

Erromako Itunaren 50 urteurrena ospatzen dugu gaur.


Benetan uste dugu ospakizun eguna dela. Orain dela bost hamarkada Europako hainbat ordezkari, oraindik mundu mailan eman ez den aurrera pauso bat eman zuten, lehenengo aldiz estatuen subiranotasuna gainditzen zuen estruktura bat sortu zuten, bakea lortzeko. Hori dira, hain zuzen ere, gaur nabarmendu nahi ditugun bi idei edo izpirutuak:

- Itunaren lehengo helburua bakea sustatzea zen. Biolentzia baztertu eta arroztu behar zen betiko. Mendekua, xantaiak alde batera utzi, eta elkarrizketa, zintzotasuna, eskuzabaltasuna eta borondate ona ipini zituzten mahi gainean akordio bat lortzeko. Bakeak, merezi zuen.
- Ituna sinatu zutenek argi izan zuten Estatu-nazioen porrota ongizate gizarte bat lortzeko. Erromako Itunak erakunde supranazionalak sortu zituen, XIX mendetik zetorren subiranotasun kontzeptuari esanahi berri bat emanez.

Jean Monnet-ek esan zuen “herriak batu nahi ditugu, ez Estatutak”. Orain dela 50 urte izpiritu horrekin siñatu zen Ituna, baina, oraindik bide asko daukagu europarrok aurrean egiteko. Eusko Alkartasunak, Estaturik gabeko nazioen, herrien eta eskualdeen eskubideen alde egin du azken bi hamarkadatan. Gure eskubide historikoak lortzeko eta gure herrialdeetako ekonomiak eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko, Europan ordezkatuta egon behar dugu, Europan bertan.

Hala ere, gure herrialdeen konstituzio-egoera dela-eta, ez dugu Europako beste herrialdeek duten ordezkaritza-maila eta, ondorioz, atzean geratzeko arriskua dugu Europan gure etorkizunean eragina duten funtsezko erabakiak hartzen direnean. Egoera hori printzipio demokratikoen aurkakoa da eta, horrexegatik, erreforma bat eskatzen dugu. Gainera, nazio zein eskualde eremuan mugitzen gara eta estaturik gabeko nazioek gobernu maila guztietan ordezkaritza egokia izan dezaten lortzeko borrokatzen gara
Estatu-nazioaren garaia amaitu da, baina horren ordezko Europako Batasun monolitikoa ere gaitzesten dugu, boterea Estatu kide handien esku uzten baitu. Orain aurrean dugun erronka herri guztiek prozesu politikoan parte-hartze handiagoa izan dezaten lortzea da.
Gure borroka politiko nagusia gure herrien autogobernua eta nortasunen aitorpena lortzea da.
Europako Batasunarako funtsezkotzat hartzen ditugun errebindikazioak ondokoak dira:
· Europako erakundeak sinplifikatu eta demokratizatu egin behar dira ganbera biko egitura baten bitartez: Europako Parlamentua (alderdi politikoek osatua) eta Herrien Senatua (Estatuak, Estaturik gabeko nazioak, herriak, eskualdeak eta Europan beraien gaiak kudeatzeko heldutasun nahikoa dutelakoan dauden guztiak ordezkatuko dituen ganbera berria). Senatu hori Kontseiluaren ordezkoa izango litzateke eta legeak Europako Parlamentuarekin batera egingo lituzke.
· Egitura horrek barne zabalkuntzako prozesua erraztuko du autodeterminazioaren bidez. Gobernuak deszentralizatu eta Ministroen Kontseiluan erabateko parte-hartzea izatearen alde gaude.
· Hizkuntza guztiek eskubidea dute Europa mailan aitortuak izateko, Estatuko hizkuntzen eta besteen arteko ezberdintasun artifizialik gabe. Europako Aliantza Libreak Europako kultur eta hizkuntz aniztasunarekiko errespetua eta Europako hizkuntza guztien berdintasuna lortzeko ahaleginak egingo ditu. Horretarako, eremu urriko hizkuntzei lotutako prestakuntza, garapen eta normalizaziorako tresna juridiko lotesleak eta aurrekontuak ezartzeko lan egingo dugu.
· Europako Batasuneko politika guztiek herritarren elkartasuna, berdintasuna eta bizi-kalitatea izan beharko lukete oinarri. Eusko Alkartasunak konpromisoa hartu du gizarte-kohesioaren eta ongizatearen gizartearen alde egiteko; gainera, beharrezkotzat hartzen du Europako Batasunak gutxieneko gizarte-arau batzuk ezartzea.
· Erabateko enplegua eta politika neoliberalek murriztu dituzten langileen eskubideak berreskuratzea.
· Europako Batasunerako kanpoko politika komun baten alde gaude. EBko segurtasuna, defentsa eta diplomazia gatazka gehienen arrazoi nagusi diren injustiziari eta goseari aurre egingo dion gerraren kontrako mundu multipolar bat sustatuko duen erakunde bakar batean barne hartu behar dira.
· Ingurumena babesteko, “poluitzen duenak ordaindu behar du” printzipioaren alde gaude. Urari dagokionez, ezinbesteko baliabide hori zentzuz erabiltzea eta, aldi berean, fluxu naturala ez aldatzea da bide bakarra. Bada garaia energia nuklearra alde batera uzteko; izan ere, baliabide arriskutsua da eta sortzeko eta banatzeko sistema zentralizatu bati erantzuten dio. Energia-iturri berriztagarrietan inbertitzeak ingurumena hobetzen eta tokiko ekonomiak bultzatzen lagunduko du eta, ondorioz, ekonomia horiek beren baliabideak kontrolatzeko aukera izango dute.

No hay comentarios: