viernes, 13 de julio de 2007

Eskozian erreferenduma egitea «eredugarria» dela dio Erraztik


Eskoziako Alderdi Nazionalak Eskoziaren independentziari buruzko erreferenduma egiteko asmoa «eredugarria» dela esan du EAko presidente Begoña Erraztik. Bere iritziz, herritarrek beren etorkizuna erabaki beharko lukete, hortik ikusten baitu gizartearen ongizatea hobetzeko
aukera. «Independentziak gauzak bertan egiteko balio du, gehiago irabazteko, arazoak konpontzeko». Gizarteak hurbiletik kudeatu behar direla uste du.

Eskoziara eta Irlandara bidaiatu du Erraztik, eta han Sinn Feingo, SNPko eta giza eskubideen aldeko Justiziaren Administrazioaren Batzordeko ordezkariekin bildu da. Euskal Herriko, Eskoziako eta Irlandako errealitateak izan dituzte mintzagai, eta, errealitateak ezberdinak diren
arren, Euskal Herrira begira kontuan hartzeko moduko hainbat ikasgai badaudela adierazi dio BERRIA-ri.

Eskozian SNPk hauteskundeak irabazi izana oso garrantzitsua dela iruditzen zaio, eta independentzia ongizatearekin loturik dagoela frogatzeko aukera dutela adierazi du. «Independentzia lortzeko bidea politikoa da, eta
independentziarekin hobeto biziko direla frogatu behar zaie herritarrei».
Independentzia eta garapen ekonomikoa loturik daudela nabarmendu du, eta Europan ere independentzia ulertzeko pentsaera hori zabaltzen ari dela iruditzen zaio. «Egoera ekonomikoari buelta ematea eta garapenari ateak
irekitzea da garrantzitsua».

Herritarrek beren marko juridikoa erabakitzeko aukera izan beharko luketela uste du, eta gizarteari hori ahalbidetzeko tresna guztiak erraztu behar zaizkiola adierazi du. «Azken batean, hiritarrek erabaki behar dute zer nahi duten». Neurri horiek herrien alde erabili behar direla iruditzen
zaio, eta inolaz ere ez Estatuen kontra egiteko. «Hori ez da besteen kontra egiteko, gure alde egiteko baizik».


Irlandaren eta Euskal Herriaren arteko ezberdintasunak
«nabarmenak» izan arren, bi ikasgai badaudela esan du Erraztik. Batetik, Londresek Ipar Irlandarekiko duen jarrera garrantzitsua izan dela esan du; izan ere, Londresek Ipar Irlandaren herri izaera eta autodeterminazio
eskubidea onartu zituela azpimarratu du. Bestetik, IRA gatazka gainditzeko negoziazioetatik kanpo geratu zela ere esan du, eta Sinn Feinek autonomia eta erabakitzeko ahalmena erakutsi zuela. Euskal Herrian, baina, ETAk
«etengabe» bizitza politikoan sartu nahi duela salatu du.

Horrez gain, negoziazio haietan giza eskubideak alde guztietatik errespetatzen ziren edo ez ikusteko, Justiziaren Administrazioaren Batzordea sortu izanari eman dio garrantzia. Batzorde hori alde guztiek onartzen zutela adierazi du, eta Euskal Herrian horrelako erakunderik ez
dagoela salatu du.

No hay comentarios: