lunes, 7 de julio de 2008

«Galdeketa egiteko mandatua daukagu, eta bete egin behar da»


Legebiltzarrak galdeketarako lege proposamena eztabaidatzeko saioa igarota, lasaiago dabil Unai Ziarreta (Mungia, 1970). Are lasaiago, onartu delako. Herriko jaiei eta oporrei begira jarria da. «Baina Auzitegi Konstituzionalarena edozein momentutan etor daiteke, eta orduan erabakiak hartu beharko dira...».

www.berria.info

Eusko Legebiltzarrak onartu du galdeketarako lege proposamena. Orain zer?

Aurrerapausoa izan da. Blokeo politiko batean egon gara azken urteetan. 1990. urte ingurutik ez da egon transferentziarik, ez autogobernurako aurrerapausorik. Guk, azken saio gogorra, 2004an egin genuen Estatuturako Proposamen Berria aurkeztuta, baina ate hori itxi egin zuten Madrilen. Gero, su-eten garaia etorri zen, eta hor ere bidea moztu egin zen. 2007an eta 2008an, hirukoak proposamen bat egin zion, Madrilgo gobernuari akordio bat lortzeko. Ate hori ere itxi egin zuten. Madrilek, eta PPk eta PSOEk argi dute hemen ez badugu aurrerapausorik ematen eta gauzak dauden bezala jarraitzen badute euren eredua gutxika-gutxika nagusituz doala. 30 urte daramagu lanean zerbait egiteko, baina hemen ezinezkoa da aurrerapausorik ematea, aurrean frontoi bat dagoelako. Jendea desmobilizatzen eta desmotibatzen ari da, eta haien nazio eredua inposatuz doa gutxika. Zer lortu dugu honekin? Beste bide bat irekitzea. Eta pentsatu behar da hau ez dela amaitu ekainaren 27an eta, herri kontsulta egiten bada, ez dela amaituko urriaren 25ean ere.

Espainiako Gobernuak proposamenei harresia jarri izan diela diozu. Orain ere muga jarria duela dirudi. Auzitegi Konstituzionalera jo eta galdeketa debekatuko dutela iragarri du.

Ikusiko dugu nola planteatzen duten, baina galdera ez da guk zer egingo dugun. Ez da normala estatu demokratiko batek helegitea jartzea herri kontsulta baten aurka. Zeren hau ez da legez kanpokoa. Nola izango da legez kanpokoa herri galdeketa bat egitea? Ez da erreferendum bat, kontsulta bat da. Ez da juridikoki loteslea.

Dena den, badirudi Auzitegi Konstituzionalera joko duela.

Eusko Legebiltzarrak onartu du legea, eta hori bultzatu dugun alderdion artean pentsatu beharko dugu zer pauso egiten ditugun hori baieztatzen bada. Uste dut hiru bide izango direla. Batetik, bide judiziala, errekurtsoari erantzun juridiko bat eman beharko zaiolako. Nazioarteko erakundeetara jotzeko aukerarik badagoen ere aztertzen ari gara. Bigarrenik, erantzun sozial bat ere izan beharko du. Erantzun politiko bat.

Mobilizazio handi batez ari zara?

Bai. Hor adostu beharko dugu alderdion artean zer egin. Eta, hirugarrenik, hauteskundeak ere hor daude.

Hemen bukatzen ez den ibilbidea dela esan duzu. Ibilbide baten hasiera dela. Norainokoa da bidea?

Orain arte, herri moduan izan ditugun erronkak aurrera ateratzeko izan ditugun tresnak nahikoa izan dira. Gernikako Estatututik sortutako instituzioak EAErako oso onak izan dira. 70eko eta 80ko hamarkadetako krisialdi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko balio izan dute. Orain bigarren transformazio ekonomiko batera goaz, eta gainditzeko, beste tresna batzuk behar ditugu. EAren ustez, tresna bakarra estatalitatea da, eta horretarako beharrezkoa izango da Euskal Herriaren independentziaren aldekoen elkarlana. Orain ez bagara gauza beste esparru juridiko bat sortzeko, ez badiogu arazo politikoari heltzen, agian, hamar urte barru, hemengo gazteek ez dute poltsikoan sosik izango. Asturiasko gazte batentzat normala da 18 urte dituenean Madrilera joatea. Eta hemen ez bagara martxan jartzen, hori gertatzeko arriskua dago.

Jaurlaritzaren proposamenetik haratago joan zara. Legebiltzarrean onartutakoa murritzagoa da, eta horri ere atea itxiko zaiola dirudi.

Baina berriro diot: honekin ate bat irekitzen da, eta ate hori irekita dagoenean ixtea konplikatua izango da.

Zer ate ireki du?

Kontsultarena. Blokeo infinituan atetxo bat ireki da. Aldeetako batek ez badu borondaterik, ez dago akordiorik. Eta hemen beti gertatu da hori. Beti eman digute ezezkoa elkarrizketarako proposamena egin dugunean. Baina denbora aurrera doan heinean, pausorik ez emate horrekin, espainiar eredua sendotzen da eta geurea galtzen. Haiek hori badakite. Bitartean, alderdi politikoen artean ez gara ados jartzen, eta elkarren kontrako akusazioek eragindako nahaspilarekin, zaila da jendeak argi jakitea zer den bakoitzak proposatzen duena. Beraz, uste dut herritarrek ezarri behar dituztela oinarrizko printzipio batzuk, agintari politikoei horren inguruan ados jartzeko mandatua emateko. Proposatutako bi galderen bidez egiten da hori. Zer du txarra herritarrei galdetzeak?

Galdeketa egin egingo dela uste duzu?

Eusko Alkartasunak horren alde egingo du. Gure esku badago, noski, egingo da. Baina guk beste alderdiekin batera aritu behar dugu, eta dugun indarra dugu. Guk bide horretan bultzatuko dugu.

Auzitegi Konstituzionalak debekatu arren?

Gure planteamendua hori da. Baina ikusi beharko da. Beste alderdi batzuek beste planteamendu batzuk dituzte. EAJk beste ikuspegi bat du. Ikusi beharko da zer gertatzen den. Erabaki komuna da, eta ekimena bultzatu dugunon artean hartu beharko da. Gu, galdeketa egitearen aldeko proposamenarekin goaz. Legebiltzarrak onartu badu, gizarteak onartu du, han dagoelako adierazita herritarren borondatea. Beraz, guk galdeketa egiteko mandatua daukagu, eta bete egin behar da. Guk hori bultzatuko dugu.

Auzitegi Konstituzionalak debekatu egiten badu eta galdeketa hori ez egitea erabakitzen bada, zer beste alternatiba dago?

Konstituzionalarena harrigarria da. Hori da PSOEk eta PPk duten indarra. Badakite estualdian badaude Konstituzionala bere interesak defendatzera aterako dela. Baina beti hori onartzen jarraitzen bada, herri modura hori onartzen bada, orain dugun ereduan jarraitzea onartzen badugu, amaitu da gure ibilbidea Europan. Amaitu dira gure aldarrikapenak. Atea itxita egongo da. Frontoi bat izango dugu aurrean.

Orain arte eman ez den beste pauso bat emateko garaia dela esaten ari zara?

Hori planteatu dugu. Eta gauzak serio planteatu behar dira. Nik ez dut defendatzen alkartetxeetan edo tabernetan hautestontziak jartzea. Horrelako txorakeriarik ez dugu behar. Gauzak serio hartu behar dira. Baina bada garaia beste pentsamolde batean mugitzen hasteko herri gisa, alderdi guztiak. Eusko Alkartasunean horretan gabiltza azken urteotan.

Jaurlaritzaren proposamena bakegintzan eta normalizazioan aurrera egiteko bidea dela defendatu duzue. EHAK-k, berriz, ez duela bakegintzarako balio esan du. Zertan laguntzen du bakegintzan eta normalizazioan?

EHAK-k aukera bi ditu: orain arte egiten ari dena egiten jarraitzea edo ibilbide horrekin bat egin eta mugitzen hastea. Gainera, ezker abertzaleak jakin behar du independentzia eta indarkeria ez direla bateragarriak. Pentsatzen badute irtenbidea ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazio politiko batetik etorriko dela, guztiz oker daude. Estatuak badaki ETAk min egiten dion arren ez duela estatua hilko. Espainiaren benetako izua da gu herri modura antolatzea, duela hamar urte egin genuen moduan. Eta hori ez da bateraezina orain egiten ari den bidearekin. Bateraezina da ETA Espainiako Gobernuarekin biltzearekin politikari buruz hitz egiteko. Horixe da ETAri zilegitasuna emateko modurik onena.

Rubalcabak esan berri du Jaurlaritzaren proposamenak arrazoi ematen diola ETAri.

Ez, arrazoi berak ematen dio ETAri!

Rubalcabak hori leporatu dizue; auzitegiek galdeketa debekatzean bide eraginkor bakarra ETArena dela irudikatuko...

Rubalcabari esan behar zaio ETA legitimatzen duena dela ETArekin biltzen dena gai politikoei buruz hitz egiteko eta instituzioetako ordezkari politikoekin politikaz hitz egiteari ezetz esateko lotsarik ez duena. Nik ez diot ezetz esango Espainiako Gobernua ETArekin biltzeari, baina gai teknikoei buruz hitz egiteko soilik. Sekula ez gai politikoei buruz aritzeko.

Zer etorriko da hemendik aurrera?

Uste dut konfrontazio egoera izango dugula Estatuarekin. Gainera, Rodriguez Zapatero dago horren atzean. Berak eskatuko du galdeketa debekatzeko. Guk konfrontazio egoera bat ikusten dugu. Kontsulta egin beharko da. Ikusi beharko da nola mugitzen den gizartea, baina ziur nago gehiengo handi batek galderen alde egingo duela, eta hori izango da alderdiei emandako agindu bat, batez ere PPri eta PSE-EEri. Gauzak beste modu batean egin behar direla eta erabakitzeko eskubidearen inguruan adostasuna lortu behar dela aginduko zaie.


«Oso kaltegarria litzateke Patxi Lopez izatea lehendakaria»

Aitziber Laskibar Bilbo

Hurrengo legealdian lehendakariak jeltzalea izaten jarraituko duela ziurtzat dauka Unai Ziarretak, eta Gobernua hirukoaren esku segitzearen aldeko apustua egiten du.

Noiz egingo dira hauteskundeak?

Ez dut uste aurreratuko direnik. Legebiltzarrak ez balu lege proposamena onartu, seguruena aurreratu egingo lirateke. Baina orain, datorren urteko apirilean egingo direla pentsatzen dut.

Zer espero duzu?

Emaitza onak izatea (kar, kar). Gure mezua argi heltzen bada, uste dut jendeak EA siglak babestuko dituela. Eta bakoitza zertan ari den orain ikusten ari da. Gu izango bagina indar nagusia ez izan dudarik galdeketa egin egingo litzatekeela.

Berriz hirukoak aginduko duela uste duzu?

Momentu honetan zailtasun handiak ikusten ditut PSE-EErekin ezer egiteko. PSE-EEk eta PPk izatezko bikote gisa jokatzen dute, eta haiekin akordiorik ez dut posible ikusten. Uste dut hirukoaren formula oso ona izan dela eta etorkizunerako ere formula ona dela.

Ez dago, beraz, agortuta?

Patxi Lopez horrekin tematu zen. Bera da oraindik existitzen ez den kanpainako hautagai bakarra.

Ikusten duzu Patxi Lopez lehendakari modura?

Ez. Gainera, uste dut herri honentzat oso txarra izango litzatekeela. Patxi Lopez zer den ikusten ari gara. Elkarrizketa defendatzen duela dio, eta aurkakoa egiten du. Cristina Garmendia ministro berriak ere esan berri du ez dugula behar berrikuntzarako eskumena... Ikusten ari da PSOEk PPren eredu bera defendatzen duela, baina beste irudi batekin. Beraz, herri honentzat oso kaltegarria litzateke Patxi Lopez izatea lehendakaria. Espero dut eta ziur nago ez dela halakorik gertatuko.

Ibarretxe izango da lehendakaria?

Hori ez dakit. Ez dakit EAJren hautagaia izango den edo ez. Hori eurek erabaki beharko dute.

Azken kongresu liskartsuaren ondoren, sendo dago Eusko Alkartasuna hauteskundeei aurre egiteko?

Alderdi guztietan izaten dira eztabaidak. Baina azken kongresutik hona oso mezu zehatza dugu. Denok gaude norabide berean bultzatzen, ez dago arazorik, eta egia da gauzak oso ondo daudela alderdi barnean. Kanpora begira ere uste dut gauzak gutxika-gutxika aldatzen ari garela. Beste irudi bat eman nahi dugu, eta logotipoa ere aldatu dugu. Jende berria sartu da, baina betiko jendearen babesarekin... Beraz, etorkizunerako prestatzen ari gara.

Zer gertatuko da ezker abertzalearekin? Aurkezterik izango du?

Ez dakit. Gauzak, oraintxe, oso gaizki ikusten ditut. Haien presentzia nahiko zalantzan dago. Gainera, denak kartzelan daudenez, ez dute erreferentzia garbirik. Estatuaren jarrera ikusita, hauteskundeetan normaltasunez egoteko zailtasun handiak ikusten ditut, eta beste marka baten atzean aurkezteko ere bai.

No hay comentarios: